Emakumeen zesta-puntako Euskal Herriko Txapelketa Berriatuan jokatuko da
Etzi [irailak 17] hasiko da lehiaketa Mendibarren frontoian lehen bi partidekin.
Euskal Herriko zortzi puntistarik onenek, lau aurrelari eta lau atzelari, Berriatuko Mendibarren frontoian neurtuko dituzte indarrak bikoteka. Aurrelariak Berriatuko zesta eskolako Ihart Arakistain, Markina-Xemeingo Erika Mugartegi, Zumaiako Maite Ortiz de Mendibil eta Gazteleku klubeko Naroa Merino izango dira, eta atzelariak, Arai Lejardi markina-xemeindarra, Maialen Aldazabal berrituarra, Frida Watkins zumaiarra eta Eneritz Lizardi mutrikuarra.
Euskal Herriko Txapelketa irailaren 17an hasiko da eta urriaren 15era arte luzatuko da. Txapelketaren antolaketa berezia izango da, ez da bikote zehatzik egongo, denek jokatuko dute batak besteagaz eta batak bestearen aurka, aurrelariak eta atzelariak bananduz betiere. Puntista bakoitzak partidako emaitzaren arabera puntu kopuru bat jasoko du. Jardunaldi guztiak jokatu ostean, sailkapen bat sortuko da, eta horren arabera zehaztuko dira finalaurrekoetako bikoteak. Puntu gehien lortzen dituen aurrelariak eta atzelariak batera jokatuko zuten, gero bigarrenak, hirugarrenak eta laugarrenak.
Markagailua 30-10 edo gutxiagokoa denean, garaileek 100 puntu jasoko dituzte eta galtzaileek 0. Errenta 30-20 baino gutxiagokoa denean, irabazleek 80 puntu lortuko dituzte eta besteek 20 puntu. Azkenik emaitza 21 eta 29 tantoen artekoa izatekotan, irabazten duen bikoteak 60 puntu irabaziko ditu eta galtzaileak 40. Puntisten artean berdinketa egotekotan, lehenengo jokatutako partida guztien aldeko eta kontrako tantoen batuketak erabakiko du, bestela pilotari gazteenak.
Multzokako faseko hiru jardunaldiak zapatuetan 12:00etatik aurrera jokatuko dira Mendibarren frontoian, irailaren 17an eta 24an eta urriaren 1ean. Finalaurrekoak urriaren 8an 12:00etan hasiko dira eta 3. eta 4. posturako partida eta finala urriaren 15ean 12:00etan ere.
Lehen jardunaldian, Mugartegik eta Lizardik Merino eta Lejardiren aurka neurtuko dituzte indarrak eta Ortiz de Mendivil eta Aldazabalek Arakistain eta Watkinsen aurka. Bigarrenean, Mugartegi-Aldazabal eta Ortiz de Mendivil-Lizardi alde batetik, eta Merino-Watkins eta Arakistain-Lejardi, bestetik. Azkenik, hirugarrenean, Mugartegi-Lejardi bikotea Arakistain-Aldazabalen kontra eta Merino-Lizardi Ortiz de Mendivil eta Watkinsen kontra.