Endika Uriondo gizaburutarrak beste bi urterako luzatu Baikogaz kontratua
Atzelariak 2020ko urrian egin zuen debuta Gernika-Lumoko Santanape frontoian.
Endika Uriondo 2024ra arte luzatu du Baiko pilota enpresa bilbotarragaz zuen kontratua. Gizaburutarrak 2020ko urrian debutatu zuen profesional mailan Gernika-Lumoko Santanape frontoian. Atzelaria “pozik eta gustura” agertu da pilota enpresan beste bi urte jarraitzeagatik.
Uriondori urriaren hasieran amaitzen zitzaion orain arteko kontratua, baina konfiantza izan du bere lanarengan: “Azken ordura arte luzatu den gaia izan da, ez dut beldurrik izan, baina beti dago zalantza puntu hori. Oso pozik jaso nuen albistea”. Bi urteko kontratuak lasaitasuna eman dio atzelariari, “joko puntu txarrean zaudenean edo eskuko minekin, adibidez, buelta emateko denbora izateko”.
Aurrera begira, gizaburutarrak oraindik hobetzeko tarte handia duela esan du, eta lanean jarraituko du. “Hobetzen jarraitu behar dut, horrela helduko dira emaitzak, norberak irabazi behar ditu aukerak”, adierazi du. Udako jaialdiak amaitu bezain laster, binakako txapelketa prestatzen jarriko da buru-belarri: “Atzelarientzako txapelketarik garrantzitsuena da”
2021/2022 denboraldian 45 partida jokatu ditu orain arte, hau da, iazko sasoian baino bost lehia gehiago. Asteburuan bi partida jokatuko ditu atzelariak, bihar [irailak 16] Bermeon Asier Agirregaz Aitor Elordi eta Oier Etxebarriaren aurka eta domekan Avilako (Espainiar Estatua) Fontiveros herriko frontoian Joanes Bakaikoagaz Asier Agirre eta Mikel Larunberen kontra.