'Lekittarrak' Eusko Label Liga mantentzeko playoffa jokatuko du asteburuan
Iñaki Goikoetxea Saguak prest ikusten du trainerua Bermeoko eta Portugaleteko estropadetarako.

Bost traineru eta bakarrik bi kale, bi kale 2023 denboraldian Eusko Label Ligan arraun egin ahal izateko. Horietako bat izan nahi du Isuntza Arraun Elkarteak, horretarako borrokatuko du asteburuan, zapatu arratsaldean [irailak 17] Bermeon eta domeka goizean [irailak 18] Portugaleten. Lekeitiarrek KAE1 ligako San Pedro eta Pedreña eta Galiziako ligako San Bartolomeu eta Bueu izango dituzte aurkari.
Isuntzak azken-aurreko postuan amaitu zuen Eusko Label Liga eta behintzat playoffetan maila mantentzeko borrokatu ahalko du. Iñaki Goikoetxea Sagua-k argi utzi du taldearentzako ez dela ezusteko bat izan, “ez dugu denbora askorik behar izan mentalizatzeko, asko dugu jokoan”. Lekittarra-ko patroiak argi dauka Bermeoko estropada funtsezkoa dela: “Zapatuan jakingo da nor igongo den baino, nork ez duen igoera lortuko, domekan aukerak izateko, oso garrantzitsua da zapatuan lan ona egitea”.
Saguak ibilbide luzea du arraunean eta aurreko esperientziak ekarri ditu gogora. 2013an Isuntzak ez zuen arraunean ondo egin Bermeoko uretan, azken geratu zen, eta ezin izan zuen igoera gauzatu. 2018an, berriz, kontrakoa izan zen, denborarik onena ezarri zuten; “moral aldetik, indar handia eman zigun”. Horrez gain, zapatuko denborek ezarriko dute hurrengo eguneko irteera ordena, erreferentziak izan ahal izateko garrantzisua.
Sentsazioak. Lekeitiarrak askoz hobeto eta erosoago aritu dira itsasoko estropadetan ibaikoetan baino, “azkenean itsasoan entrenatzen dugu egunero”, esan dute. Azken asteetan arraun elkartekoak Bermeoraino joan dira bertako estropada gunean entrenatzeko. “Entrenamenduetako errutinatik ihes egin nahi genuen, eta era berean, eremua hobeto ezagutzeko aukera eman digu eta saio onak egin ditugu, dena ematera aterako gara”, adierazi du Goikoetxeak.
Patroi moduan ere ondo etorri zaio Saguari estropada eremuan entrenatzea, “oso lagungarria da”. Gogoratu nahi izan du azken playoffetako arraunlariak mantentzen direla traineruan, eta hori zapatuan, batez ere mesedegarria izango dela: “Domekan misterio gutxiago egongo da, indar kontua da”.
Lekittarra-k San Pedro, Pedreña, San Bartolomeu eta Bueu aurkariekiko duen erreferentzia bakarra Kontxako sailkatze estropadakoa da. Denen aurretik geratu zen, 17 segundora utzi zuen Bueu, zapatuko txandako onena. “Moral handia eman zigun, zoritxarrez, sailkatze estropadak ez ditu puntuak ematen. Ontzi galiziarrek ez dute hain bidaia luzea egiten egun pasa egiteko Donostian. Hala ere, erreferentziak ez dira guztiz balekoak, bi aste igaro dira, eta bakoitzak bere prestaketa izan du”, esan du Saguak.
Zaleen laguntza. Isuntza Arraun Elkarteak autobusak antolatu ditu zapaturako zein domekarako arraunlariak animatzera joan ahal izateko. Bermeorako irteera ordua 15:00etan izango da eta Portugaletekoa 09:30ean. Sarrera gutxi batzuk geratzen dira, Kai Abixa tabernan. Horrez gain, elkarteko ikurrina herriko balkoietan jartzeko eta kamiseta janzteko deia egin dute.