Markina-Xemein eta Berriatua gizonen Espainiako kluben arteko zesta-puntako txapelketako finalaurrekoetan sartu dira
Emakumezkoetan, finalistak irailaren 24an erabakiko dira, Markina-Xemeingo Uni frontoian.

Markina-Xemeingo Uni frontoian ari da jokatzen Espainiako kluben arteko txapelketa. Joan den asteburuan, zapatuan eta domekan [irailak 10-11], hamabost partida lehiatu ziren guztira, emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Mutiletan, finalaurrekoak zehaztuta daude, baina nesketan oraindik irailaren 24ra arte itxaron beharko dute bi herri finalistak jakiteko.
Gizonetan, zazpi klubek eman zuten izena eta lau onenek egin dute aurrera: Berriatuko zesta eskola, Gasteizkoa, Markina-Xemeingoa eta Zumaiakoa. Berriatuarrak sailkatu dira lehen postuan Mutrikuko Danok Bat taldeari eta Cavanillaseri bi setetan irabazi ostean, 15-8/15-14 eta 15-5/15-6 hurrenez hurren. Berriatukoak Zumaia laugarren sailkatuaren aurka neurtuko ditu indarrak finalaurrekoetan. Gipuzkoarrek Hondarribia bi setetan gainditu zuten (15-10/15-12) eta Markina-Xemeinen aurka hirugarren setean galdu (12-15/15-11/8-10).
Markina-xemeindarrak hirugarren sailkatu dira eta Gasteizen aurka jokatuko dute finalerako txartelaren bila. Arabarrak bi setetan (15-7/15-4) gailendu ziren Baskonia talde kataluniarraren aurka eta emaitza berdinagaz Noainen kontra (15-7/15-10). Markina-Xemeingo zesta eskolak zapatu arratsaldean Zumaiaren aurka sufritu ostean, erosoago lortu zuten Hondarribiaren kontra garaipena, bi setetan (15-8/15-8). Irailaren 24an arratsaldean jokatuko dira Berriatua-Zumaia eta Gasteiz-Markina-Xemein finalaurrekoak, finala, berriz, irailaren 25ean.

Espainiako kluben arteko zesta-punta txapelketa jokatzen ari da Uni frontoian. Argazkia: Markina-Xemeingo zesta-punta eskola
Bi txartel. Emakumezkoetan, bost taldek parte hartzerakoan, ez da finalaurrekorik jokatuko, zuzenean ligaxkaren ostean bi talde onenek jokatuko dute irailaren 25ean finala. Lehendabizi, berriz, irailaren 24an falta diren lehen faseko partida jokatuko dira. Markina-Xemein dago lidergoan orain arteko hiru partidak irabazi ostean: Andoaingo Gazteluri hiru setetan (12-15/15-6/10-7), Berriaturi ere kostata hiru setetan (15-11/4-15/10-4) eta erosoago Baskoniari (15-4/15-5). Markina-xemeindarrek irailaren 24an 10:00etan Mutrikuko Danok Bateko bikotearen aurka jokatuko dute.
Mutrikuarrek markagailua irauli zuten Baskoniaren kontra hirugarren setean garaipena eskuratzeko (14-15/15-5/10-4), baina Berriatuaren aurka ez izan zuten marka berdindu eta set erabakigarrian galdu zuten (15-11/10-15/9-10). Berriatuko zesta-punta eskolakoek bi partida jokatuko dituzte irailaren 24an finalaren bila, goizean Gazteluren aurka eta arratsaldean Baskoniaren kontra.