Ander Okamika: "Ez nuen espero hainbesteko presentzia izatea lasterketan"
Lekeitiarrak Espainiako Itzulia amaitu berri du. Protagonista handia izan da, bost ihesaldi harrapatu ditu, eta inork baino kilometro gehiago egin ditu tropelaren aurretik.
Domekan amaitu zenuen Espainiako Itzulia. Zelan zaude?
Leher eginda, orain hasi naiz indarrak berreskuratzen.
Hiru asteko zure bigarren itzuli handia izan da, iazkoaren ostean. Desberdintasunik nabaritu duzu?
Iazko esperientziak beti laguntzen du. Hala ere, hiru asteko itzuli handi bakoitza desberdina da, ibilbidetik hasita. Iaz, esate baterako, ez nuen arazo handirik izan. Aurten eroriko bat izan nuen, eta osasun aldetik ere egun batzuetan ez nintzen guztiz ondo sentitu, gogo txarragaz. Hori bai, aurtengoa zein iazkoa, biak ala biak gogorrak izan dira.
Burgos BH zure taldeak ere zenbait arazo eduki ditu, lasterketa hasi baino lehenagotik.
Ez ginen nahi bezala hasi. Espainiako Itzulia hasi baino lehen Angel Madrazok eman zuen positibo koronabirusean, eta azken orduan txirrindulariz aldatzeko aukera izan bagenuen ere, lasterketa hasteko egunean berriro egin behar izan genituen testak, eta Manuel PeƱalverrek ere eman zuen positibo. Lehen egunean, gainera, taldekako erlojuaren aurkako ibilbidea genuen, eta txirrindulari bat gutxiagorekin egin behar izan genuen. Zortzi kidetik zazpi izatera asko nabaritzen da. PeƱalverregaz, gainera, esperantza handiak genituen taldeko esprinterra delako eta Herbehereetako etapetarako eta Espainiako ibilbide lauetarako gure helburua zen lehen hamarren artean sartzea. Gero, Victor Langellottiren baja izan genuen. Bilboko etapan maila bikaina erakutsi zuen, hiru egunez jantzi zuen mendiko maillota, baina eroriko handi batean lesio nahikoa larriak eduki zituen eta ezin izan zuen lasterketan jarraitu.
Zelan eragin du horrek txirrindulariengan?
Hiru asteko lasterketa batera zoazenean badakizu horrelako gauzak gertatu daitezkeela. Hala ere, arazo hauek gure arteko harremana indartu besterik ez dute egin, errazena kontrakoa zenean. Giro oso ona izan dugu taldean, aurre egin genien arazoei eta Espainiako Itzulian itxura ona eman dugu.
Arlo pertsonalean, Espainiako Itzulian protagonismo handia izan duzu. Bost ihesaldi harrapatu dituzu, inork baino kilometro gehiago egin dituzu tropelaren aurretik: 660 kilometro, hain zuzen ere.
Taldearen helburuetako bat zen lasterketan presentzia izatea, protagonista izatea, eta nik bide horretatik lan egin dut, ahalik eta ihesaldi kopuru handiena hartzen. Errealistak izanda, badakigu gaur egun oso gaitza dela garaipenak lortzea, eta guretzat ia bide bakarra ihesaldien bidez da. Ni, adibidez, alde horretatik saiatu naiz, baina zorte apur bat behar da, eta, batez ere, tropelaren baimena eduki, eta hori da falta izan dena.
Hala ere, ez da erraza bost ihesalditan sartzea, saiakera asko egoten dira, baina ihesaldi bakarra. Zer behar da aukera ona harrapatzeko?
Gauza asko behar dira. Hasteko, zelan ez, sasoi fisiko onean egon behar zara, hanka onak ez badituzu gaitza izaten delako ihesaldia harrapatzea. Bestetik, zortea eta intuizioa behar dira ihesaldi saiakera ona zein den jakiteko. Ezin zara saiakera denetara atera. Gainera, aurten UCIko puntuen sailkapeneko borroka horregaz are gehiago zailtzen da gure lana, etapa denak borrokatzen dira. Lehen ez ziren hainbeste lehiatzen, orain, berriz, World Tourreko taldeak edozein etaparen bila doaz. Espainiako Itzulian Richard Carapaz edo Rigoberto Uran bezalako txirrindulariek parte hartu dute ihesaldietan, maila oso altukoak. Edozein lasterketako ihesaldietan maila bikaina dago, eta gaitza da etapa garaipenak lortzea.
Hori gutxi ez, eta badirudi UCIk 20 taldera igo nahi dituela World Tourreko parte hartzaileak. Gauzak horrela, Burgos BH bezalako Continental taldeek gonbidapen gutxiago jasoko lituzkete, lautik bira jaitsiko lirateke gonbidapenak.
Gure aldetik, ezin dugu ezer egin, ez dago gure esku, guk parte hartzen dugun lasterketetan ahalik eta irudirik onena ematen saiatzen gara. Burgos BHk lan txukuna egin du aurten, eta horrela jarraituko dugu, itzuli handietarako gonbidapenak jaso ahal izateko.
Espainiako Itzuliko lehiakortasunaren saria irabazteko hautagaia izan zara, denen ahotan egon zara.
Horrelako sari bateko hautagaia izatea sari handia izan da niretzat, ez nuen espero hainbesteko presentzia edukitzea lasterketan. Marc Solerrek itzuli izugarria egin du, erakustaldiak eman ditu, eta nire ustez, merezitako irabazlea da.
Eta orain, egutegiari dagokionez, zer geratzen zaizu denboraldi amaiera honetan?
Momentuz, hiru astetako esfortzuaren ondoren, atseden hartuko dut indarrak berreskuratu ahal izateko. Leher eginda amaitu dut Espainiako Itzulia. Gero, taldeak Frantzian lehiatuko ditu zenbait lasterketa, baina oraindik ez digute txirrindulariei jakinarazi nortzuk parte hartuko duten. Zuzendariek lehiatzeko esaten badidate, denboraldi amaierako lasterketa horiek ahalik-eta hobekien prestatuko ditut. Bestela, sasoia amaitutzat emango dut, eta hurrengoan pentsatzen jarriko naiz.
Lea-Artibai eskualdetik igaro eta Bilbon amaitu zen etapan 17. izan zinen, Espainiako Txapelketan 15. erlojupekoan eta 8. errepidezkoan… Zer balorazio egiten duzu 2022ko denboraldiaz?
Denboraldiaren balorazio on eta positibo bat egingo nuke. Helburua parte hartu dugun lasterketetan etapa bat irabaztea izan da, ez da izan posible, aurten azken urteetako mailarik altuena egon delako taldeek izan duten puntuak batzeko beharrizan horregatik. Behintzat, gure burua erakutsi dugu, eta taldeak maila ona erakutsi du. Ahalegindu gara, baina ezin izan dugu garai