Isuntzak Eusko Label ligan lehiatuko du 2023 denboraldian
Lekeitiarrek erakustaldia eman zuten zapatuan [irailak 17] Bermeoko uretan eta Portugaleten errenta mantendu zuten

Lekittarrarentzat asteburu erabakigarria zen, beste urte batez traineru onenen artean egon ahal izateko playoffetan gogor borrokatu beharko zuen Pedreña, San Pedro, Bueu eta San Bartolomeuren aurka. Iñaki Goikoetxea Sagua patroiak estropada aurretik esan bezala, zapatuko [irailak 17] estropada bereziki garrantzitsua zen. Batetik, bigarren egunerako aukerekin heldu ahal izateko, eta bestetik, Lekeitioko ontzia hobeto moldatu izan delako itsasoan, ibaian baino.
Isuntza zuen denarekin atera zen eta lehen paladetatik beste bizitasun bat erakutsi arraunean. Itsasoaren egoera gainera ez zen erraza, eta lekeitiarrak egoera baliatu zuten. Gainera, kaleek ez zuten eraginik izan, erlojupekoan jokatu zen, bata bestearen atzetik irten ziren. Lehen ziabogan hiru segundoko zuloa zabaldu zuten Bueuekiko eta bigarrenean sei segundora arte luzatu. Estropadak aurrera joan ahala, zuloa handitu besterik ez zen egin, eta azkenean, 16 segundo atera zizkion Isuntzak San Bartolomeuri, 20.58,78 lekeitiarren denbora. Hirugarren, Bueu izan zen 18 segundora, San Pedro laugarren 26 segundora eta bosgarren Pedreña 27ra. Emaitza ezin zen hobea izan, Lekittarrak hanka eta erdi zuen 2023ko Eusko Label ligan.

Lekeitiarrak arraunean, Portugaleten.
Atzo [irailak 18] errenta mantentzea zen helburua, 16 segundoko abantailagaz seguru ziren lekeitiarrak. Hala ere, irabaztera eta dena ematera atera ziren. Herritar asko izan ziren bi egunetan Bermeo zein Portugalete kolore urdinez bete zituztenak, arraun elkarteak jarritako autobusak lagungarriak izan ziren oso. Ibaian Isuntzak lehia bizia izan zuen San Bartolomeugaz. Helburua inoiz arriskuen egon ez bazen ere, nor baino nor aritu ziren bi ontziak ikuskizun ederra eskainiz. Galiziarrek lortu zuren denborarik onena, eta bide batez, Eusko Label ligarako txartela. Bi segundora heldu zen Lekittarra 20.02.36, eta helmuga pasa bezain laster lasaitua hartu zuten arraunlariek. Helburua lortuta zegoen.

Arraunlariak eta zaleak, Portugaleten.
Gozatzeko unea zen, zaleekin elkartu ziren uretatik irtetzerakoan. Arraun elkartekoak urduri zeudela aitortu dute, baina zapatuko estropadaren ostean lasaiago egon ziren: “Bikain aritu ginen arraunean eta abantaila handia lortu, lanerdiak baziren ere %80an ikusten genuen beste urte batez Eusko Label liga lehiatzeko aukera”. Denboraldi hasieran jarritako helburua lortu dute. “Hori nahi genuen eta hori lortu dugu. Denboraldi ona eta polita izan da, zorte txarrarengatik lehiatu behar izan dugu playoffetan, baina azkenean helburua lortu dugu”, adierazi dute.
Portugaleteko estropadaren ostean bazkaria egin zuten eta 19:30ean harrera izan zuten herriko plazan, zaleen berotasuna eskertu nahi izan dute: “Ez da bakarrik asteburu honetako gauza izan, denboraldi osokoa baizik. Jende asko etorri da Bermeora eta Portugaletera eta herriko plazan jendetza batu zen”. Merezitako jaia ospatu eta gero, oraindik ez dira hurrengo denboraldiari begira lanean jarri, “egongo da horretarako denbora”.