Santa Eufemiko zelaia txiki geratu da Aulestiko jaietan
Izaro Aranburu eta Julen Aranguena nagusitu ziren atzo [irailak 18] Ermitaren Igoeran, eta Bakarne Oinederra irrintzi txapelketan. Bizkaiko 31. Hiru Txirlo Txapelketa ere erabaki zen Santa Eufemiko bolatokian.

Santa Eufemiko zelaia txiki geratu da Aulestiko jaietan. Eguraldi eguzkitsua lagun asko izan dira ermitara arte igo diren herritarrak, baita inguruko herrietako biztanleak ere. Meza egin zuten lehendabizi eta elkarretaratzea herriko preso eta iheslarien aldeko mugimenduak deituta Euskal preso politikoen eskubideen alde.
Atzo [irailak 18] gainera egitarauko ekintza nagusietako bi jokatu ziren. 41. Ermitara igoeran Izaro Aranburu aulestiarra eta Kortezubiko Julen Aranguena gailendu ziren. 23 korrikalarik eman zuen izena, 20 mutil eta hiru neska. Emakumezkoetan, Aranburuk sei minutu eta lau segundoko denbora lortu zuen, bigarren Irati Casais izan zen minutu bat eta sei segundora eta hirugarren Izaro Telleria markina-xemeindarra minutu bat eta hamaika segundora. Gizonezkoetan, iazko txapeldunak lau minutu eta hamar segundoko denboran lortu zuen garaipena, 18 segundoko tartea zabalduz Jonan Bilbao bigarren sailkatuari eta 21 segundo Ibon Bilbao hirugarrenari. Lasterketako lehen aulestiarra Igor Urionabarrrenetxea izan zen, bosgarren. Inork ezin izan zuen Julen Aranguenak 2005ean ezarritako 3.52ko denbora hobetu.

41. Ermita Igoerako korrikalaria. Argazkia: Jose Luis Mugartegi
14:00etan hasi zen 32. Irrintzi txapelketa, sei emakumeren parte hartzearekin. Bakarne Oinederrak irabazi zuen eta txapela eta 85 euro eraman zituen etxera, bigarren Ainara ItuiƱo izan zen eta hirugarren Lorea Zarragoikoetxea.
Bizkaiko finala. Ostean, bolo txapelketa jokatu zen. Izan ere, Bizkaiko 31. Hiru Txirlo Bolo Txapelketa erabaki zen atzo Santa Eufemin. Guztira, 58 bolarik parte hartu zuten txapelketako azken jaurtialdian eta Jabier Osoro eta Mirari Azkune geratu ziren Bizkaiko txapeldun 45 eta 23 bolo botata, hurrenez hurren. Nagusien artean Boni Plazak irabazi zuen eta Kepa Rodriguezek gazteetan (Ikusi sailkapen osoa). Santa Eufemiko jaurtialdian, ostera, Markina-Xemeingo Jose Angel Fernandez izan zen nagusi.

Bolo txapelketako parte hartzaile eta irabazleak. Argazkia: Mikel Urkia Zuloaga/Mx3T
Jarraipena. Egunari amaiera emateko, Maldan Behera erromeriak girotu zuen Santa Eufemi. Baina, oraindik aulestiarrek ez dituzte amaitu jaiak, barikuan [irailak 23] rock kontzertuak izango dituzte. 22:00etatik aurrera Ginger, Lukiek eta Keike taldeek joko dute eta gero DJ Dantzetan jarrai ariko da. Gababus zerbitzua egon da Aulestira joan ahal izateko Lea-Artibai eskualdeko herrietatik.




























