IX. Surf Eguna ospatu du Lea-Artibaiko Artzabal Surf Elkarteak
Joan den zapatuan [irailak 17] egitarau oparoa aurrera eraman zuten Mendexako Karraspio hondartzan.

Covid 19aren bi urteko etenaldiaren ostean, indartsu itzuli zen Artzabal Surf Elkarteak antolatutako Surf Eguna. “Eguraldiak asko lagundu zigun, oso balorazio positiboa egiten dugu, oso gustora egon ginen eta adin guztietako herritarrak hurbildu ziren guregana egun osoan zehar”, nabarmendu du Marina Entziondo elkarteko kideak.
Surf Eguna antolatzen duten 9. aldia izan zen. Antolatzaileek gogoratu dute irabazi asko gabeko jaia dela eta surfa sustatzea eta zabaltzea dela helburua. Bide hori jarraitzeko, surf ikastaroagaz eman zioten hasiera egunari, olatuen artean murgildu nahi zutenek saiakera egin eta kirola probatu ahal izan zuten. Gero, gazte surf txapelketa jokatu zen, “hauek gehiago eta hobeto aritzen dira eta ikuskizun eta maila polita erakutsi zuten”. 16 urtetik beherako 20 gaztek eman zuten izena, lau multzotan banatu zituzten eta 30 minutu izan zituzten olatuak hartzeko. Olatuen artean trebeena Ekain izan zen, baina parte hartzaile denek domina jaso zuten.

Surf ikastaroa. Argazkia: Artzabal Surf Elkartea
Ume, gazte zein helduek Jon Garmendia surflariaren hitzaldiarekin gozatua hartu zuten. Zarauztarrak olatuak hartzeko teknikaren inguruan aritu zen eta tablen inguruko xehetasunak eta desberdintasunak azaldu zituen. “Oso interesgarria izan zen, normalean garrantzi askorik ematen ez diegun gauzen inguruan hitz egin zuen, adibidez, beti aztertzen ditugu tablaren killa kopuruaz, baina ez bakoitzaren luzeraz”, azaldu du Entziondok.
Arratsaldean herritar asko Isuntza Arraun Elkartearen estropada erabakigarria ikusten joan bazen ere, giroak ez zuen etenik izan Karraspio hondartzan. Egun osoan zehar musika egon zen, baita speakerra ere, eta txosna zabalik izan zuten edari eta janariagaz. 20:00etan suzko zezena atera zuten surf elkartekoek eta musikarekin amaitu zuten eguna. Lehendabizi Inun taldeak kontzertua eskaini zuen eta Bass Herri Sound System taldeak reggae musikaz girotu zituen eguneko azken orduak, azkenean 23:00etan eman baitzioten amaiera IX. Surf Egunari Artzabal Surf Elkartekoek.
Txapelketa. Euskal Herriko Surf Federazioaren laguntzagaz Euskal Herriko gazteen txapelketa jokatuko da emakumezkoetan zein gizonezkoetan, Mendexako Karraspio Hondartzan. Oraindik data zehatzik ez badu ere, olatuen iragarpenaren arabera jartzen dituztelako datak, urrian jokatuko da, lehen edo bigarren asteburuan. Ekainaren 25 eta 26an Zierbenako La Arena hondartzan lehiatu zen lehen jardunaldia. Karraspioko probak balio bikoitza izango du azken sailkapenerako. Formatuari dagokionez, kanporaketa zuzenak jokatuko dira.