Orain arte 167 parte hartzailek eman dute izena Ondarru-Lekitto lasterketan
Izena emateko epea bihar [irailak 22] gauerdian amaituko da
Zapatuan [irailak 24] 17:00etan emango diote 16 kilometroko lasterketari Ondarroako Itsas Aurre plazan eta lehen bi kilometroak herriko kaleetatik egingo dituzte. Gero, Mendexa eta Berriatuko zonaldeak pasako dituzte. Ibilbideko azken kilometroa Lekeitioko herrigunean egingo dituzte.
Orain arte 167 korrikalarik eman dute izena, 20 euro balio du dortsalak. Baina antolatzaileek 200era iristeko esperantza mantentzen dute: “Eguraldiari begira gaude uneoro, badirudi aldaketa datorrela. Lekeitioko plazan egun guztirako giro aparta izango dugu. Txosnan izango dugu edari freskoekin eta egunean zehar atun erre eta pintxoak egingo dira. Umeentzako puzgarriak eta girotzeko musika ere izango dugu”.
Dortsalak lasterketaren egun berean jasoko dituzte korrikalariek irteeran, Ondarroako Itsasaurre enparantzan 15:30eatik 16:45era arte. Antolatzaileek, parte hartzaileentzako autobusak jarriko dituzte Lekeitiotik Ondarroaraino. Irteera 15:00tatik 16:00ra arte. Sari ematea bukatukoan, autobusa Lekeitiotik Ondarrura, 19:30ean.
Era berean, kontsignak jarriko dituzte Lekeition zein Ondarroan parte hartzaileek gauza pertsonalak bertan utzi ahal izateko segurtasun osoz. Hornidurari dagokionez, bosgarren eta hamargarren kilometroan jarriko dituzte ura hartu eta edan ahal izateko. Horrez gain, helmugan jan-edana ere banatuko dute eta parte hartu duen korrikalari bakoitzari kamiseta bat emango.