Txomin Juaristi: "Niretzako garrantzitsuena azken bi urteetan egindako lan gogorraren emaitza jasotzea da"
Euskaltel Euskadiko txirrindulari markina-xemeindarrak urriaren 2an amaituko du denboraldia, eta atzera begira jarri da.
Zelan zaude?
Ondo, denboraldi amaieran dagoeneko. Urriaren 2an, egitarauan azken orduan sartu zaidan, Tour de Vendee izeneko klasika bat lehiatuko dut eta orain hori nago prestatzen.
Denboraldi hasiera ez zen nahi zenuena izan.
Denboraldi hasiera ez da ona eta erreza izan, abenduan eskua apurtu nuen entrenatzen eta asko kosta zitzaidan ostabe martxa hartzea, pentsa baino gehiago. Azkenean Valentzian debutatu nuen 2022 denboraldia, lehen lasterketa izan zen denbora askoren ostean eta asko nabaritu nuen. Lasterketak aurrera joan ahala, hobeto sentitu nintzen. Espainiako txapelketan hasi nintzen forma hartzen eta hortik aurrera gero eta hobeto
Turkiako Itzulia lehiatu zenuen Espainiako Txapelketa baino lehen.
Turkiara sailkapen orokor on bat egiteko esperantzagaz joan nintzen, baina etaparik garrantzitsuenean ez nuen nire egunik onena izan. Hala ere, itzulia 17. postuan amaitzea lortu nuen, hau da, egun txarra izan arren, salbatu egin nuen. Gero, Espainiako Txapelketan 10. postua lortu nuen, emaitza oso ona zalantzarik gabe, baina ni postuagaz baino, sentsazioekin geratu nintzen. Inflexio puntua izan zen. Indar eta konfiantza asko eman zidaten egun horretako sentsazioek eta horreri eutsi nahi izan diet denboraldiko bigarren zatian.
Portugalgo Itzulian protagonista izan zinen.
Portugalgo Itzulia beti gustatu izan zaidan lasterketa da, eta aurten sailkapen orokorra lehiatzeko helburuagaz joan nintzen. Egun batzuk gogorrak izan baziren ere, oso erregularra izan nintzen eta azken etapetan ausart jokatu nuen. Braga hirian amaitu zen zazpigarren etapan ihesaldi ona harrapatu nuen, gogor eutsi nion, eta hirugarren amaitu nuen. Emaitza on horri esker, sailkapen orokorrean aurrera egin nuen, hori gutxi ez, eta oso erlojupeko ona egin nuen. Azken aurreko etapan, Mondi de Bastoko etapa famatuan, berriz, zapore gazi-gozoaz amaitu nuen. Nire burua tropeleko indartsuenekin egoteko gai ikusi nuen hain etapa gogorrean, baina ezin izan nintzen lehen hamarren artean sartu, 11. amaitu nuen.
Sasoiko egon arren, Espainiako Itzulitik kanpo geratu zinen.
Nik nire lana egin nuen, hau da, lehiatzen nituen lasterketetan ahalik eta maila onena erakustea. Oso gaitza da Espainiako Itzulirako zortzikotean sartzea, eta taldeko buruek haien arrazoiak izango zituzten ni kanpoan uzteko. Ni pozik nago nire lana egin nuelako, eta horregaz geratzen naiz.
Kanpoan geratu arren, sasoia mantendu duzu.
Portugalgo Itzuliaren ostean nire maila konfirmatu nahi nuen. Akitanian 13. postua lortu nuen sailkapen orokorrean, hein handi batean erlojupekoan erakutsi nuen maila bikainagatik. Luxenburgon 14. izan nintzen, itzuli gogorragoa izan zen. Bi lasterketetan tropelak agindu zuen, denak batera heldu ginen eta horregatik ez zen tarte handirik egon. Aurten bereziki ondo aritu naiz erlojuaren aurkako etapetan eta horri esker lortu ditut postu oso onak sailkapen orokorretan.
Zer dela eta hobekuntza hori?
Egia esan, ezustekoa izan da. Aurten ez ditut erlojupekoak prestatu, ez dut, adibidez, aerodinamika saiorik egin. Bizikleta modelo berria erabili dugu eta asko igarri dugu, ez bakarrik nik, baita gainontzeko taldekideek ere. Denok asko hobetu dugu, eta aurrerapauso nabarmena eman. Niretzako garrantzitsuena eta asebetetzen nauena da azken bi urteetan egindako lan gogorraren emaitza jasotzea da. Ez dira urte errazak izan eta orain izan da momentua emaitzak agerian geratu direnak, horrekin geratzen naiz.
Oro har, zein da zure denboraldiko balorazioa?
Oso positiboa. Hasieran asko kosta zitzaidan sasoia hartzea eskuko lesioagatik, baina lasterketak aurrera joan ahala, hobeto sentitu naiz, konfiantza gehiagogaz. Espainiako Txapelketan eta Portugalgo Itzulian erakutsitako maila ona Akitanian eta Luxenburgon konfirmatu ahal izan nuen.
Euskaltel Euskadin jarraituko duzu datorren urtean?
Bai, taldean jarraituko dut, oso pozik nago. Gutxi batzuk gara Euskaltel Euskadiren bigarren aro honetan hasieratik gaudenak. Hainbeste denboraren ostean taldeko parte sentitzen naiz, familia baten moduan ikusten dut taldea, nirea izango bazen moduan. Era berean, taldeko beteranoetako bat izango naiz.
Zein helburu jarri dituzu?
Aurtengo denboraldi amaierako maila datorren urtean ahalik eta hilabete gehienetan mantendu nahi dut. Horrez gain, aurten erlojupekoetan lortu ditudan emaitzak ikusita, aurrerapausoak eman nahi ditut, gehiago prestatuko ditut saio bereziak eginez.