Markina BHIk eta Bekobenta eskolak gurasoentzako euskara ikastaroan parte hartzeko deia luzatu dute
Herriko AEK euskaltegian eman daiteke izena doan irailaren 30era arte
Gaur [irailak 22] egindako agerraldian eman dute ikastaroaren berri Markina BHIk eta Bekobenta eskola publikoak eta parte hartzeko deia luzatu dute. “Helburua da seme-alabei eskolako lanak egiten laguntzeko oinarrizko baliabideak lortzea eta hezkuntza gaiekin eta aisialdiarekin lotutako hiztegia ikastea”, adierazi dute ekimenaren bultzatzaileek. Gurasoentzako dago bideratuta, hain zuzen ere, ikastaroa. Bi hezkuntza eskoletako gurasoei izena emateko deia zabaldu nahi izan diete, “aukera paregabea da euskarara hurbiltzeko”.
Izen emate epea zabalik dago eta irailaren 30ean amaituko da, azken egun honetan ere eman daiteke izena. Hiru bide zabaldu dituzte interesa dutenentzat. Batetik, AEK-k Markina-Xemeinen duen egoitzan Urbitarte kalean 11ko lehen solairuko eskumako atean. Bestetik, 607 59 62 61 telefonoan. Azkenik, markina@aek.eus posta elektronikoan.
Ikastaroa guztiz doakoa da eta AEKren egoitzan eramango da aurrera. Ordutegiari dagokionez, astean hiru eguneko ikastaroa izango da. Aukera desberdinak eskaintzen dituzte, goizez 10:00etatik 11:30eara eta 11:30eatik 13:00etara edo arratsaldez 14:30eatik 16:00etara.
Antolatzaileek ikastaroak dituen abantailak azpimarratu nahi izan dituzte: “Doan dira eta honez gain, ordutegi interesgarria daukate; gaztetxo eta umeak, eskolan dauden bitartean emango dira. Beraz, gure gurasoei aukera hau aprobetxatzeko eskatu nahi diegu”.
Horrez gain, ikastaroaren garrantzia nabarmendu dute. “Pausu txiki honek euskara eta euskal kultura gure hezkuntza proiektuen erdigunean jartzen laguntzen du. Gurasoek ahalegin hori egiteak mesede handia egiten dio bai gure ikasleei eta baita eskola komunitateari ere. Izan ere, euskara gure bizitzarako gauza garrantzitsua dela transmititzen diegu”, adierazi dute.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ikastaroa amaitu eta gero, asistentzia ziurtagiria emango zaie ikasleei, % 80 baino gehiagokoa bada. Agiri hori Lanbiden edo Eusko Jaurlaritza aurkeztu dezakete.