Markina-Xemeingo EH Bilduk saihesbidearen inguruan helegitea jarri du
Herria Etxebarrigaz lotuko duen errepidearen lanen soberakinen kokapena salatu dute
Markina-Xemeingo EH Bilduk jakinarazi duenez, Bizkaiko Foru Aldundiaren buletinaren bidez izan zuten uztailean saihesbidearen berri. BI-633 eta BI-2636 errepideak lotuko dituen proiektua aztertu eta gero, “proposatzen den soberakinen biltegiaren kokapenarekiko eta emandako arrazoiekiko erabateko desadostasuna” adierazi dute. Eta helegitea jarri dute Bizkaiko Foru Aldundian.
“Deskribapen-memoriaren arabera, soberakinen biltegiak Bidaurreta bizitegi-sektorearen zati bat hartzen du eta horrek Markina-Xemeingo Hiri Antolamendu Plan Orokorraren garapena baldintzatuko luke” zehaztu dute. Hori dela eta, proposamenaren arabera, gordailua atzera eraman eta “altuera handiagoa” izango luke EH Bilduko ordezkarien esanetan.
Markina-Xemein eta Etxebarriaren arteko saihesbideko lanek eta Plazakola eta Milioi arteko errepidea handitzeko lanek soberakinak 262.000 metro kubiko izatea dago aurreikusita. EH Bilduko udal taldeak soberakinen kokapenaren inguruko azterketa “erreala eta zehatza” egitea beharrezkoa dela esan dute: “Inguru hurbilean dauden harrobi bakoitzaren ahalmenaren azterketa xehea egiteko eskatzen dugu: Markina-Xemeingo Iriondo eta Olaxpe eta Aulestiko Ingemar eta Zeleta harrobien ahalmena, hain zuzen ere”.
Alderdi politikoaren proposamen alternatiboa da soberakinekin gordailu berriak egin beharrean, harrobietako zuloak betetzea. Horretarako zenbait arrazoi jarri dituzte mahai gainean: “Ingurumen aldetik jasangarriagoa da, ez da beharrezkoa zuhaitzik moztea, ezta iturburuak inbaditzea, kaltetzea edo kentzea ere. Ikus-eremuaren kalteen eragina hutsala da. Soberakinen biltegia ez litzateke inor bizi den eremuan kokatuko. Soberakinen biltegiak harrobietan kokatzeak beraien ingurumena berreskuratzea ekarriko luke. Berreskuratze hori legez egin beharko litzateke, baina oraindik orain egiteko dago”, adierazi dute.