Berriatua, jaun eta jabe zesta-puntako kluben artekoan
Atzo [irailak 25] jokatu ziren finalak Markina-Xemeingo Uni frontoian. Emakumezkoen finala goi mailakoa izan zen, lau puntistek haien onena eman zuten eta ikuskizun paregabea eskaini zuten. Gizonezkoetan final berdinduagoa espero zen, baina set bitan nagusitu ziren berriatuarrak.
Asteburuan erabaki zen Markina-Xemeingo Uni frontoian Espainiako zesta-puntako kluben arteko txapelketa. Gizonezkoetan, duela bi asteko multzokako faseko partidetatik finalaurrrekoak zehaztu bazeuden ere, emakumezkoetan final handirako bi txartelak banatu barik zeuden.
Lehia ezin berdinduagoa izan zen. Lehia denak jokatu ostean, berdinketa hirukoitza egon zen sailkapenean Markina-Xemein, Berriatua eta Mutrikuko Danok Bat taldearen artean. Bost klubek izena ematerakoan, antolatzaileek ez zituzten finalaurrekoak egin, zuzenean bi onenek egin zuten aurrera finalera. Berriatuarrak eta mutrikuarrak izan ziren, markina-xemeindarrena baino egindako eta jasotako tantoen zenbakiak hobeak zituzten. “Berriatuaren aurkako bigarren setean lau tanto bakarrik egitea izan zen gakoa finalean ez sartzeko”, adierazi dute Markina-Xemeingo eskolakoek.
Finala goi mailakoa izan zen, lau puntistek haien onena eman zuten eta ikuskizun paregabea eskaini zuten. Lehen setean mutrikuarrak aurreratu ziren, 11-14ko markagailuagaz bazirudien lehen seta poltsikoan zutela, baina berriatuarrek buelta eman zioten 15-14 gailentzeko. Bigarren setean, Ihart Araskistainek min handia egin zuen, asko eman zion pelota biziari errebotera helduz eta guzti. Zuloak ireki zituen eta gero ez zuten barkatu, 15-10 gailendu ziren.
Gizonezkoetan, berriz, zapatu [irailak 24] arratsaldean jokatu ziren finalaurrekoak. Lehenbizikoan Berriatuak uste baino erosoago hartu zuen mendean Zumaia, bi setetan, 15-5 eta 15-11. Aurrelari zumaiarrak ez zuen bere egunik onena izan eta huts asko egin zituen. Bigarren finalaurrekoan, etxeko taldeak, Markina-Xemeingo zesta eskolak, ezin izan zuen finalerako txartela eskuratu. Gasteiztarrak nagusi izan ziren eta bi setetan eskuratu zuten garaipena: 15-12 eta 15-9.
Atzo [irailak 25] jokatu zen final handia Uni frontoian. Final berdindua espero zen, maila altuko puntistak baitzeuden, baina ez zen emozio handirik egon. Julen Del Rio bere mailatik oso urruti aritu zen eta horrek asko eragin zuen bikote gasteiztarraren jardunean. Atzelariak dominatu ezinik, Antxon Alberdik aukerako pilota asko izan zituen eta ez zuen barkatu, maisutasunez amaitu zituen aurrelari berriatuarrak tantoak. Bi setetan jantzi zuten txapela: 15-10 eta 15-9.
Kluben arteko txapelketako antolatzaileek balorazio “oso positiboa” egin dute: “Egia da agian multzokako fasean izan dugula berdintasun eta emozio gehiago finalaurrekoetan eta finaletan baino, baina oro har maila oso altua izan da eta ikuskizun ederra bizi izan dugu”. Nesken lana eta maila nabarmendu nahi izan dute, “goi mailako puntistak direla erakutsi dute, berdintasun handia egon da eta finalean lau pilotarien izugarrizko maila”.
📸 Argazkiak: Josu Arrate/Txorixe