Lekeitioko euskal erromerian, euritan dantzan
Nahiz eta zapatuan [irailak 24] eguraldiak ez lagundu, Zaletxuak kultur elkarteak balorazio positiboa egin du

Lekeitioko Zaletxuak kultur elkarteak antolatutako 2022ko euskal erromeriaren helburu nagusietako bat jai giroa berreskuratzea zen, berriro martxa hartzea azken urteeko etenaldiaren ostean. Eguraldia tarteko, ohi baino jende gutxiagok parte hartu bazuen ere, antolatzaileek balorazio positiboa egin dute: “Data ere aldatu behar izan dugu eta San Antolin jaien ondoren egin, normalean maiatzean ospatzen dugunean euskal erromeria. Aurten, berriz, egutegia ekimenez beteta zegoen eta atzeratzea erabaki genuen aukera hobe baten bila”.

Iñaki Madariagaren hitzaldia. Argazkia: Zaletxuak kultur elkartea.
Euriak baldintzatutako euskal erromeria izan zen. Barikuan Iñaki Madariagak hitzaldian azaldutakoak lehen pertsonan erakutsi zituen zapatu goizean Talako ermitan egindako bisita gidatuan. 55 pertsona elkartu ziren hitzaldian eta 35 bisita gidatuan. “Biak ala biak oso interesgarriak izan ziren eta jendeak oso ondo erantzun zuen proposamen berriari, izan daiteke hurrengo urteetan egitarauan mantentzea”, adierazi dute antolatzaileek.

Euskal erromeriko dantzariak egunaz gozatzen. Argazkia: Zaletxuak kultur elkartea
Ohi baino dantza gutxiago egin zituzten eguraldiagatik, nahitaezko aldaketak egin behar izan zituzten. Horrez gain, Ondarru-Lekitto kostaldeko lasterketarengatik ezin izan zuten herriko plazan ohi bezala dantza egin. Mugitu behar izan ziren, ohi baino gehiago lekualdatu, eta antolatzaileen ezusterako herritarrek ondo jaso zuten. “Eskolapetik, zineko plazatik, eta oro har, herriko kaleetan aritu ginen, eta parte hartzaileek ondo jaso zuten mugikortasun hori, plazan geldirik egon beharrean”, esan dute.

Euskal erromeriko dantzariak egunaz gozatzen. Argazkia: Hitza
Euritik babesteko merkatu plazan elkartu ziren euskal erromerikoak bazkaltzeko. Guztira 70 izan ziren, ohi baino gutxiago, noizbait 100 baino gehiago bildu dira. Bazkalostean dantzatzeko eta abesteko, eta jai giroan erabat murgiltzeko, tartea izan zen. Kantu-Dantzajira egin zuten EinGo taldearen laguntzagaz 2022ko Euskal erromeriari amaiera emateko.