Lekeitioko urpeko taldeak 186 kilo zabor bildu ditu kostaldean
VIII. hondartzen eta itsas hondoen nazioarteko garbiketa handian parte hartu zuten zapatuan
Lekeitioko Urpeko Taldeak, Dzanga piragua taldearen eta Lekeitioko Udalaren laguntzagaz, Itsas Zaintzaileen Sarearen kanpainaren barruan, VIII. hondartzen eta itsas hondoen nazioarteko garbiketa handian parte hartu zuen zapatuan [irailak 24]. “Helburua izan da plastikoak, botilak, latak eta portuko hondoko zaborrak biltzea da, Antzar eguna pasa ondoren. Era berean, asmoa gizartea kontzientziatzea da, itsasoko fondoa eta fauna sortzen dugun zaborretik babestu ahal izateko”, adierazi dute antolatzaileek.
Urpeko taldeak eta laguntzaileek ez zuten eguraldia lagun izan, euria egin zuen etengabe eta horrek ikusmena zaildu zien, “baina borondatea eta ekimena dagoenean dena lortzen da”. Lekeitioko kostaldean lanean aritu ziren bi ordu eta erdietan, 10:00etatik 12:30era, 186 kilo zabor bildu zituzten.
Horretarako, 18 urpekarik; lau piraguistak, portuaren gainazalean urpekari sare beteak biltzeko; eta hamar boluntariok, lehorrean sare beteak biltzeko, sailkatzeko eta birziklatzeko parte hartu zuten. Hain zuzen ere, zaborretan bildutako 186 kilo horiek Pescanova enpresak elikagaietan emango dizkio elikagai bankuari.
Nahiz eta Lekeitioko Udaletik zaborra itsasora ez jaurtitzeko kanpaina martxan jarri, asko izan ziren aurkitutako zaborrak: 311 edari lata, 39 edari botila eta kristalezko edalontziak, 16 plastikozko poltsa, metalezko 19 objektu, hiru gurpil, trafiko kono bat, erosketa karro bat eta bi mugikor beste hainbat zaborren artean.