Etxebarriko Fagor Arrasateren 50 urteko ibilbide arrakastatsua
Urteurrenaren harira, ekitaldia antolatu dute zapaturako [urriak 1]. Enpresak gorabeherak izan ditu, baina indartsu dago.
50 urte ez dira egunero betetzen, ezta 65 ere. Fagor Arrasate enpresa duela 65 sortu zen, eta 1972an zabaldu zuen Etxebarriko lantegia. Kooperatiba gipuzkoarra Lea-Artibai eskualdeko enpresa indartsuenetako bat da. Bidea ez da laua izan, gorabehera asko bizi izan dituzte, baina tinko diraute, eta inoiz baino indartsuago.
1972ko urtarrilean heldu zen Fagor Arrasate Etxebarrira. Lantegiaren irekierak helburu argi zeukan, Arrasateko lan karga jaistea, lana banatzea azken batean. Horrez gain, zabalkundeagaz teknologian aurrerapauso handia eman zuten, eta horrek produkzioa handitu zuen. Kooperatibaren ibilbidea ziklikoa izan da, olatuak bezala, etengabeko gorabeherekin. 1982 eta 1983an gogor jo zuen krisiak, inoizko handiena. Iraun zuten. 90ko hamarkada ere ez zen erraza izan, aurrekoa baino leunagoa izan bazen ere. Tinko eutsi zioten. Azkena Covid-19ak eragindakoa izan da. Gogorra oso, baina iraun bakarrik ez, eta indarberrituta atera da Fagor Arrasate.
Kooperatibaren indargune nagusietako bat bere hurbiltasuna da. Etxebarriko egoitzan 80 langilek egiten dute lan, baina Lea-Artibai eskualdeko eta inguruko enpresekin hornitzaile sare egonkorra dute. Horrek enpresaren indarra zabaltzen du, eskualdean duen garrantzia nabarmendu. Fagor Arrasateren helburu nagusietako bat proiektu sozioenpresarial kooperatiboa bultzatzea da, dimentsio humanoan eta ekonomikoan.
Zapatuko [urriak 1] ospakizunean, 10:00etan gonbidatuei harrera egingo diete, eta 12:00etan 50 urteko errepasoa. Umeentzako jolasak ere egongo dira goiz osoan.
Kooperatiba izaerak ematen dio enpresari berezitasun hori, langileak jabeak eta protagonistak dira Fagor Arrasateren jarduera eremu guztietan. Erakundea osatzen duten eskubidea eta konpromisoa da kudeaketan parte hartzea eta kudeaketagaz konprometituta egotea. 2000. urtean, esate baterako, lantegia handitu zuten. Eskaera gero eta handiagoa zen, ondorioz beste pabiloi berriak eraiki behar izan zituzten. Hedapen horrek 100 tonako garabiekin hornitu zituzten eta mekanizazio astunerako makina batzuekin, tartean 10 metroko mahaia zuen zubi erako fresatzeko makina bategaz.
Osasuntsu dago kooperatiba, inoiz baino hobeto. «Urtebetean enpresaren argazkia guztiz aldatu da», Toni Azpiazuren arabera. Ondo daki Azpiazuk, 20 urtetan lan egin zuen Etxebarriko lantegian. Lehen pertsonan bizi izan du lantegiaren ibilbidea. Koronabirusak eragindako ezjakintasun egoeratik, itsaso zakarretik, urak baretu egin dira: «Hurrengo urterako lana ziurtatu dugu».
Eta ez bakarrik Etxebarriko lantegian, baita Arrasaten edota mundu osoan dituen beste egoitzatan. Mexikon, Alemanian edota Estatu Batuetan ditu lantegiak Fagor Arrasatek. Globalizazioko parte aktiboa dira, helburuak betetzen doaz: «Mundu mailako hornitzaile sendo bihurtzea, eta balio kate osoan egiten ditugun jarduerak gero eta gehiago nazioartera zabalduz munduko edozein aldetan ditugun xede bezeroen eskaerei erantzuten dakien hornitzailea izatea». Etorkizun labur eta ertainerako segurtasun eta lasaitasun horrek ez du kooperatiba erlaxatzen. Ondo dakite merkatua ez dela egonkorra, edozerk mugiarazi dezakeela, egun batetik bestera, goitik behera aldatu. Ez dira urrutira joan behar, Ukrainia eta Errusiaren arteko gerra, esate baterako.
Gozatzeko eguna. 50. urteurrena momentu ezin hobean heldu zaio Fagor Arrasateri. Une gozoan daude, lanez gainezka, ezin dute askok esan. Horregatik, ospakizuna behar bezala gozatzeko aukera izan ahal izateko, ekitaldia atzeratzeko erabaki hartu zuten. Berez urtarrilean izan beharko zena bihar egingo dute. Egun batez lana alde batera utzi nahi dute, gozatzeko eguna izango da. Gogotik egin dute lan egitaraua antolatzeko. 2022ko aurrekontuetan diru kopuru bat bideratu zuten ospakizuneko ekitaldirako. Hori gutxi ez, eta hamar kideko taldea osatu dute antolaketa lanerako.
Autobus zerbitzua jarriko dute zapatu goizean, Etxebarriko lantegian ez baitago autoa uzteko toki askorik; edukiera mugatuta dago
Zapatuan [urriak 1] Fagor Arrasateko Etxebarriko lantegiaren 50. urteurreneko ospakizuna egingo dute. 10:00etan gonbidatuei harrera egingo diete, 300 pertsona baino gehiago: «Parte hartzera gonbidatuta daude lantegian lan egiten duten eta lan egin duten pertsona guztiak».
Denak prest daudenean hasiko dute inaugurazio ekitaldia. 12:00etan 50 urte luzetako errepasoa egingo dute lantegian, ibilbide bat prest dute historian zehar barneratzeko, eta 1972an geroztik bildutako argazki bilduma lagungarria izango da. Eraikitako karpa erraldoian elkartuko dira mokadu bat hartzeko eta azken ekitaldi bategaz emango diote amaiera ospakizunari.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, autobus zerbitzua jarriko dute zapatu goizean, Etxebarriko lantegian ez baitago autoa uzteko toki askorik, edukiera mugatua dago. Markina-Xemeingo autobus geltokitik aterako dira 09:30an hasita, ekitaldia amaitu bezain laster hasiko dira itzulerako autobusak irtetzen, 13:00etatik aurrera gutxi gorabehera. Autobus zerbitzua erabiltzeko deia luzatu dute antolatzaileek. Horrez gain, familia asko espero dituztenez, 70 gazte baino gehiago aurreikusten dituzte, umeentzako jolasak eta jarduerak antolatuko dituzte goizean.