Andoni Aretxabaleta markina-xemeindarrak eskupilota profesionala utzi du
Eskuko lesio batengatik hartu du erabakia. Urriaren 22an egingo diote omenaldia Bilboko frontoian
Andoni Aretxabaleta ez da berriro zuriz jantziko frontoian. Markina-xemeindarrak eskupilota uzteko erabakia hartu du zerrenda amaigabe bateko enegarren lesioagatik. Hurrengo hilabeteetan amaitzen zitzaion Baiko pilota enpresagaz zuen kontratua, eta entrenatzen zegoela min hartu zuen. Duela hiru urte ezker eskuko laugarren hatzamarrean jarri zioten inplantea hautsi zaio. Ebakuntza gelatik pasa beharko da atzelaria, lesioekin arantza du sartuta: “Ez da nire ibilbideari eman nahi nion amaiera, baina horrela suertatu da, momentu onekin geratzen naiz”.
Urriaren 22an aterako da azken aldiz kantxara, Bilboko Bizkaia frontoian, agur ekitaldirako. Aretxabaletak ziurtatu du orain harmailetatik jarraituko duela pilota: “Hemen amaitzen da pilotari profesionaleko nire ibilbidea. Onenekin jokatzeko aukera izan dut, pertsona asko ezagutu ditut eta nire bizitza osorako lagunak egin ditut”.
Markina-xemeindarrak 18 urtegaz debutatu zuen profesionaletan 2011ko uztailaren 17an Uni frontoian. Hamabi urteko ibilbidean 396 partida jokatu ditu. Lorpenei dagokionez, bikote txapelketako 2014ko finalista izan zen eta beste zortzi aldiz parte hartu zuen.