Jon Arrizabalagak ‘Alemanaren mamua’ bere lehen liburua aurkeztuko du Markina-Xemeinen
Idazle markina-xemeindarrak zapatuan [urriak 15] 12:00etan aurkeztuko du eleberria, Uhagon kulturgunean.
Jon Arrizabalagak Alemanaren mamua bere lehen liburua aurkeztuko du zapatuan [urriak 15], 12:00etatik aurrera, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Idazle markina-xemeindarrak 1950 eta 1970 urte bitartean alemaniarrek herrian edukitako istorioak bildu ditu.
Arrizabalagak orain arte Alemania naziaren inguruko artikuluak idazten zituen, baina orain istorio denak liburu bakar batean biltzea erabaki du. Denbora luzez aritu da ikerketa lanetan, zazpi edo zortzi urte, baina “azken urtean bereziki jarri naiz burubelarri informazio zehatzagoa bilatzen gelditu barik”. Hain zuzen ere, lagunekin ikertutakoak azaltzen konturatu zen istorioak eleberri baterako oso egokiak zirela, lagunen laguntza ere izan zuen: “Liburu bat idaztera animatu ninduten”.
“Eskolan geundenean, irakasleak eta ikasleak jakitun ginen alemaniarren inguruko istorioetaz, eta ate edo leihoren bat bat-batean ixten zenean alemaniarren mamua zela esaten genuen”
Hori bai, idazleak gauza bat argitu nahi izan du: “Benetako istorioak dira, ez dira fikzioa, kalean zenbait herritarrengandik entzun izan dudan bezala”. Bigarren Mundu Gerraren ostean kokatzen da Alemanaren mamua, Alemania Naziko bi herritarrek lurzoru handi bat zuten gaur egun Bekobenta eskola dagoen lekuan, 27.000 metro karratuko lurraldea zen. Herritarrek ez zekiten oso ondo nortzuk ziren, “misteriotsuak ziren”. Hain zuzen ere, hortik dator eleberriaren izenburua: “Eskolan geundenean, irakasleak eta ikasleak jakitun ginen alemaniarren inguruko istorioetaz, eta ate edo leihoren bat bat-batean ixten zenean alemaniarren mamua zela esaten genuen”.
Alemaniatik ihes egin zuten herritarrak ziren, etxeko jabea armen merkatari bat zen eta harreman estua izan zuen gobernu naziagaz. Madrilen bizi ziren eta Markina-Xemeingoa haien bigarren etxebizitza zen, “oporretan etortzen ziren batez ere”. Etxeko jabea Otto Skorzeny zuen bazkide onenetako bat, hau da, nazien SS armada militarreko buruzagi nagusietako bat, eta aliatuen arabera, Europako gizonik arriskutsuenetako bat. Hori gutxi ez, eta Benito Mussolini Italiako diktadore faxistaren lagun estua zen. Arrizabalagak Skorzenyren inguruko datuak eta adierazpenak jaso ditu liburuan.
Zapatuko aurkezpenerako gogotsu dago Arrizabalaga. “Gogo asko dut herriaren erantzuna ikusteko, gai oso interesgarria da, azken batean herriko istorioak beti dira erakargarriak eta eleberri beltzak badira zer esanik ez”
Bizipenak. Ikerketa sakona egiteaz gain, idazle markina-xemeindarrak herritarren testigantzak jaso nahi izan ditu eleberrian. “Etxean lan egin zuten langileekin egin ditut elkarrizketak eta asko izan dira kalean ikusi eta alemaniarrekin lotutako haien bizipenak azaldu dizkidaten nagusiak”, azaldu du. Horrez gain, testuinguru historikoa ere landu du, adibidez, nazismoa jauzi zenean zelan militarrek tokia aurkitu zuten Euskal Herrian eta Espainiar Estatuan. Bere familiak bizitako pasarteak ere gehitu nahi izan ditu.
Zapatuko aurkezpenerako gogotsu dago Arrizabalaga. “Gogo asko dut herriaren erantzuna ikusteko, gai oso interesgarria da, azken batean herriko istorioak beti dira erakargarriak eta eleberri beltzak badira zer esanik ez”, esan du. Otto Skorzenyren istorioek arreta erakarriko dituelakoan dago, horrenbestez, Bilbon eta Lea-Artibaiko herrietan ere aurkeztu nahi du liburua, Lekeitioko herria ere agertzen baita. “Bizkaian eta Euskal Herrian zabaldu nahiko nuke, gure herriko istorioak berreskuratu behar ditugu, asko eta bikainak daude, dena ez da gaurkotasuna eta berehalakotasuna”, amaitu du.