Jose Pablo Arriaga markina-xemeindarrak Estampa azokan aurkeztuko du ‘Mudantza’ album berria
Artistak bihartik [urriak 13] domekara arte izango ditu erakusgai bere obra berriak Madrilen

Jose Pablo Arriagak Mudantza bere azken bilduma aurkeztuko du Madrilgo Estampa azokan. Artista markina-xemeindarraren lanak bihartik [urriak 13] eta domekara arte egongo dira ikusgai Blanca Soto Arte galerian. Estampa Espainiar Estatuko arte garaikideko azoka nagusietako bat da. Bost pieza izango dira Madrilera arte eramango dituenak, hiru erakusteko eta beste bi hiruretako bat saltzekotan atera ahal izateko.
Arriaga gogotsu dago bere azken lanak azokan aurkezteko: “Erakusleiho handia da, jendearekin elkartzeko aukera ezin hobea da, azoka garrantzitsuenetako bat da, atzerriko jendea dator eta haien lanak ezagutzeko eta hitz egiteko gogoak ditut, gaurkoratu azken batean”. Markina-xemeindarrak Mudantza bere azken bildumako hiru lan aurkeztuko ditu Madrilen.
Lagun min baten bat-bateko heriotzari emandako erantzuna da Arriagaren Mudantza. Zenbait pertsonak itsas-moiletako harrizko kubo erraldoien antza daukatela sentitzen du artistak. “Marmol zuri-beltzak paper garrantzitsua betetzen du kostaldean: herria babestea; olatuen kolpe guztiak jasatea, ingurukoek lasai lo egin dezaten. Badira horrelako lagunak, gudaren lehen lerroari umiltasunez eta isilpean eusten diotenak”, azaldu du.

Jose Pablo Arriagaren ‘Mudantza’ azken bildumako obretako bat. Argazkia: Jose Pablo Arriaga
Metaforak eta konparaketak erabiltzen ditu markina-xemeindarrak: “Animaliek badakite larruz noiz aldatu. Halaxe aurkitzen ditugu sugeen azal zaharrak basoan, edo karramarroen oskol gardenak harkaitzetan. Animalia guztiek ez dute mudantzarik onartzen, ordea. Pertsonek haien azal zaharrari eutsi nahi izaten diote askotan, haien babeslekua, haien mozorroa, haien habia izan denari. Baina askatzean datza bakea”.
Bildumako lan guztiak harri akrilikoz eta, zenbaitetan, zuriz margotutako egurrez eginda daude. “Harrobiko zulagailuek harriengan arrastoak uzten dituzte, eta hori sinbolizatzen dute eskulturetan ageri diren marra paraleloek; kolore zuriak, berriz, purutasuna, lagunen aurrean zaurgarri agertzearen indarra adierazten du”, esan du.