Txomin Juaristik beste bi urterako kontratua sinatu du Euskaltel-Euskadigaz
Taldeak markina-xemeindarraren “aurrerapausoa eta lidergoa” goraipatu ditu
Txomin Juaristik beste bi urtez luzatu du Euskaltel-Euskadigaz zuen kontratua, datorren denboraldirako taldearen lehen berritze ofiziala da. Txirrindulari markina-xemeindarra “oso pozik” agertu da kontratu luzapenagaz. Taldeak aurten emandako “aurrerapausoa eta lidergoa” goraipatu ditu.
Juaristiren denboraldia behetik gorakoa izan da. Urte hasieran eskua apurtu zuen eta erritmoa hartzea kostatu zitzaion, baina hilabeteak aurrera joan ahala gero eta hobeto aritu da. 13. izan zen Espainiako Txapelketan, 10. Portugalgo Itzulian edota 14. Luxenburgokoan. “Etxeko taldean nago eta talde berriro profesionala denetik nago hemen”, adierazi du txirrindulariak. Datorren sasoiari begira, dinamika bera mantentzea du helburu, “aurten erlojupekoetan lortu ditudan emaitzak ikusita, aurrerapausoak eman nahi ditut, gehiago prestatuko ditut saio bereziak eginez”.
Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko kirol zuzendariak, aurrerapauso eta lidergo hori nabarmendu ditu, hain zuzen ere: “Taldearen lehen urteetan ikusten genion kalitate hori atera du denboraldiko bigarren zatian, konfiantza eta maila handia hartu du eta oraindik hobetzeko tartea dauka, berritze oso garrantzitsua da guretzako”.