Lekeitioko Udalak herriaren 697. urteurreneko ondare jardunaldiak antolatu ditu
Urriaren 22tik azaroaren 6ra hainbat ekintza egongo dira Lekeition.
Lekeitioko hiribilduaren 697. urteurrena azaroaren 3an da. Udalak ospakizuna behar bezala ospatzeko, hainbat ekimen antolatu ditu zapatutik [urriak 22] hasita eta azaroaren 6ra arte. Hitzaldiak, bisita gidatuak, kirola edota erraldoiak eta buruhandiak egongo dira.
- Zapatuan [urriaren 22an] 12:00etatik aurrera kultur etxeko Azkue aretoan Mendietan ontziola, monumentu gisa inbentariatutako kultur-ondarea hitzaldia egongo da. Mendieta ontziola 1885etik 1993ra arte aritu zen zurezko ontziak eraikitzen eta konpontzen, eta Kantauriko erriberako arotzeriaren erakusle bikaina da. Hizlariak Aitor Leniz eta Mikel Landa izango dira. Leniz historialaria ontzigintzaz eta ontziola honen historiaz ariko da, eta Landak zeharberritze lanen xehetasunak azalduko ditu.
- Urriak 28 (barikua): Azkue aretoan, 19:00etan, Iñaki Madariaga Lekeitioko Santa Maria monasterioaren fundazioaren inguruan ariko da. “1325. urtean sortu zen Lekeitio, baina hiribildua sortu aurretik, aforamendu-gutunak adierazten du Lekeitioko lurraldea eta ingurua populatuta eta antolatuta zegoela”, esan du hizlariak. Bi hitzaldi hauek euskarazkoak izango dira.
- Urriak 29 (zapatua): Marierrotako bisita gidatua egingo dute, 11:30ean gaztelaniaz, eta 12:15ean euskaraz. Testuinguru ekonomiko oparoan, 1555ean, Lekeitioko kontzejua marea-errota eraikitzen hasi zen, bertan Europako iparraldetik zetorren teknologia berria erabili zen. “Bisitariek errotaren barrualdea bisitatuko dute eta bi bideo erakutsiko dituzte, bata paduraren biodibertsitateari buruzkoa, eta bestea, errotaren historiarena. Gero, haren funtzionamendua azalduko da”.
- Urriak 30 (domeka): 11:00etan Isuntzako hondartzara joko dute ondare jardunaldiek, bertan San Nikolas edo Garraitz irlako parke arkeologikoaren inguruan mintzatuko da Alfredo Moraza, 2014tik indusketez arduratzen den arkeologoa. XIV. Mendetik XIX. Mendera hartzen duen aztarnategia dago bertan, oraindik ere eraikin ugari gordetzen dituena. “2019ko otsailean uhartea parke arkeologiko bihurtzeko izapideak hasi ziren, haren ondare-balio aberatsa, kulturala zein naturala babesteko eta zabaltzeko”.
- Urriak 31 (astelehena): 09:15ean jarri dute hitzordua herriko autobus geltokian GR-38, ardoaren eta arrainaren ibilbideko bisita gidatua osatzeko. GR-38 bidezidorra, Arabako Errioxa eta euskal kostaldea lotzen zituen bide komertzial zaharra da. Guillermo Ruiz de Erentxun izango da bisitaren arduraduna eta Lekeitio eta Gizaburuaga arteko ibilbidea osatuko dute. “Paseoan zehar, Lea Ibarrako natura-, kultura- eta industria-ondarea osatzen duten elementu batzuk ezagutuko ditugu”. Amaieran, herriko arraina eta Arabako Errioxako ardoa emango dituzte dastatzeko.
- Azaroaren 3an beteko ditu Lekeitiok 697 urte, eta hori ospatzeko, 12:00etan bolanderak jaurtiko dituzte eta angelusa jo. Asteburura arte luzatu nahi izan dute egitaraua. Azaroaren 5ean 12:00etatik aurrera erraldoiak eta burhandiak kalerik-kale ariko dira. Domekan 12:30etan plazan hasiko da bigarren mailako Bizkaiko Aizkolarien Txapelketako lehia.
Oharrak: Lekeitioko Udaletik jakinarazi dutenez, urriaren 29ko, 30eko eta 31ko ekitaldietarako izena eman beharko da urriaren 24tik 28ra (biak barne), 9:00etatik 11:00etara, 688 72 70 95 telefonora deituta. Antolatzaileek ez dituzte dei galduak eta emailak erantzungo. Dei bakoitzeko izen bi hartuko dituzte. Gainerako ekitaldietara joateko ez da izenik eman behar; unean uneko aforoa bete ondoren, atea itxiko dute.