Lekeitioko LEK Eskola Kirola, bigarren pausoa emateko prest
Lehen Hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren mailakoek domekan [urriak 23] egingo dute lehen topaketa.
Lekeitioko LEK Eskola Kirolak herriko hezkuntza zentroak, udal kirol zerbitzuak eta kirol klubak barne hartzen dituen elkartea da. Iaz jarri zuten martxan, eta 2022/2023 ikasturterako hobekuntzekin datoz. “Helburua da txikienek, jarduera fisikoa eta kirol munduan lehenengo pausuak emateko ustezko modu egokiena, integralena eta hezitzaileena izatea. Horretarako, Lekeitio herriko erakunde, ikastetxe eta kirol zein kultura taldeen elkarlana bilatuko da”, azaldu du Aitor Txopitea koordinatzaileak. Aurten oraindik berritasuna dena epe ertainean egonkortzea nahi dute.
Berez 2019an hasi behar zenari ekin zioten iaz, baina pandemia guztiz ahaztu gabe. Ikasturte hasieran batez ere, muga asko izan zituzten jarduera aurrera eramateko osasun arauengatik, musukoak edo multzoen osaketa kopuru aldetik, esate baterako. Duela hamabi urte hasi ziren Lekeitioko eragile desberdinak kirol eskaintza bateratu baten alde lan egiten. “Hain herri txikian kirol eskaintza handia dago txikientzako”. Bakoitzak bere aldetik jotzen zuen, eta horrek umeak banatzen zituen, ez zegoen inolako koordinaziorik.
Denen arteko elkarlanagaz eratu zen Lekeitioko LEK Eskola Kirola. “Kirol eskaintza ordenatzeko beharra zegoen eta espezializazio goiztiarra atzeratu”. Lehen Hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren mailakoek hamaika kirol egiten dituzte ikasturte osoan zehar herriko eragileekin elkarlanean, arrauna, esku pilota, futbola, skate edo zirkua, besteak beste. Lehen bi mailetan jolasen bidez aritzen dira gehienbat, LH3koak, berriz, kiroleko lanketa handiagoagaz.
Kirol bakoitza bi aste lantzen dituzte, 90 minutuko lau saio. Horrez gain, nagusienek kirol klubetan hirugarren egun bat entrenatzeko aukera dute. 2023/2024 ikasturtean LH4ra arte helduko dira, hau da, herriko kluben esku hartzea ez da 10-11 urte izan arte izango. “Adin tarte hauetan kirol hezigarri eta anitzen alde egin nahi dugu, umeek denetarik probatu behar dute psikomotrizidadea lantzeko. Ahalik eta esperientzia motriz gehienak garatu behar dituzte, izango dute denbora gustatzen zaiena aukeratzeko”. Horretarako ere topaketak antolatuko dituzte. Asteburuan, domekan, hain zuzen ere, egingo dute lehendabizikoa, Lekeitiotik Mendexara arte mendi ibilbidea osatuko dute, eta gero, Abentura Parkean ibili. Aurrerago, besteak beste, arraun, herri kirol edo atletismo topaketak ere egingo dituzte.
Azkenean ume bakoitza desberdina da, bakoitzak bere dohaiak ditu, izaera, indarguneak edo ahulguneak edota lehiakortasun maila. “Helburua da umeen gaitasunak (motorra, kognitiboa, soziala eta afektiboa) modu hezitzaile eta dibertigarri batean garatzea. Gaitasun hauek askotariko jarduera fisiko eta kirol ezberdinetan parte hartuz lantzea”. Horretarako, Lekeitioko eta hurbileko inguruek eskaintzen dituzten aukera bikainak ezagutu eta aprobetxatu nahi dituzte. Herriko kirol taldeetaz gain, inguruko beste elkarte batzuekin ere daude elkarlanean.
Hobekuntzak. Epe luzerako proiektua da Lekeitioko Eskola Kirolarena, normaltasuneko parte izan arte. Hori bai, urtero aurrerapausoak ematen doaz, lana hobetzen elkartea osatzen duten denak pozik izan arte, umeak eta gurasoak batez ere. Aurten, adibidez, kirol programa aberastu nahi izan dute, kirol bakoitzerako denbora luzatuz, saio gehiago egingo dituzte eta luzaroagoak. Horrez gain, begiraleen gainean jarri dute arreta. Hori da, hain zuzen ere, Txopitearen eginkizunetako bat. “Begiraleen gainean arreta gehiago jarriko dugu, oso garrantzitsuak dira, umeentzako eta gurasoentzako erreferenteak dira. Formazioak egin nahi ditugu, begiraleen alde hezitzailea landu eta garatu nahi dugu, umeen beharrizanak hobeto asebete ahal izateko”.
Komunikazioa da beste zutabe nagusietako bat, eta iazko ikasturtetik hobetu beharreko arlo bat. Etengabekoa eta konfiantzazkoa izatea nahi dute. Horrek harreman zuzena dauka eragileen arteko koordinazioagaz. Iazko hausnarketa nagusietako bat jardueren malgutasunaren ingurukoa izan zen, zurrunak izan ziren: “Parte hartzaileak gurera erakarri behar ditugu, ez gurera etortzera behartu”.