Andoni Aretxabaleta: "Erabakia berehala hartu nuen, ez zitzaidan asko kostatu"
Markina-xemeindarrak pilota profesionala utzi behar izan du zerrenda amaigabeko beste lesio batengatik. Bihar [urriak 22] du omenaldia Bilbon, herrian jai giroko agur bat nahi du.
Hasteko, zelan zaude? Joan den astean egin zizuten ebakuntza.
Dena ondo joan zela esan zidaten medikuek. Ez zen ebakuntza erraza izan, gerriko hezur ba-
teko zati bat jarri zidaten atzarramean.
Zure kirol ibilbideari lesio batengatik agur esan behar izatea ez da seguru nahi zenuen amai-
era izan.
Inork ez du gustuko horrela amaitzea bere kirol ibilbidea, pena bat izan da, nahiago nuke zuriz jantzita amaitu, baina ikusten nuen ezingo nuela nirea eman. Horrela suertatu da. Gainera, mediku batek baino gehiagok esan zidan nire lesioa nahikoa larria zela, eta horrek ikuspuntua asko zabaldu zidan. Erabakia berehala hartu nuen, ez zitzaidan asko kostatu. 30 urte egingo ditut, eta ez nuen nahi nire bizitza baldintzatu atzamar batengatik. Hiru medikuek oso garbi esan zidaten. Urrian amaitzen zitzaidan kontratua, eta nire asmoa zen pilotan jarraitzea. Oraindik ikusten nuen modu batera edo bestera lehiakorra nintzela, beharbada, ez lehen mailako partidetan, baina besteetan bai. Baina egoera honetan ez zeukan zentzurik aurrera jarraitzeak.
Lesio asko izan dituzu zure kirol ibilbidean.
Ez dut jarraikortasunik izan, maila ona lortzen nuen bakoitzean beti zerbait gertatzen zitzaidan, hausturaren bat edo lesio muskularren bat. Zorionez, lankide oso onak izan ditut nire inguruan, eta asko lagundu didate, asko zaindu naute, batez ere, Gontzal Uriona nire entrenatzaile pertsonalak. Oso eskertuta nago.
“Beti diot familia asko ditudala Euskal Herrian banatuta, herrian, Lekeition…”
Minagaz jokatzen ikasi behar izan duzu?
Pilotari gutxi izango dira minik barik jokatzen dutenak. Azkenean, harri bati kolpeak ematen dizkiogu. Nahiz eta eskuak ondo babestu, beti dago kolpe txarren bat edo behar bezala sartzen ez den pilota bat. Nik duela hiru urtetik daramat horrela, torloju bat dut ezker eskuko hatzamarrean, hau da, hormatik hurbilago dagoena. Horregaz jokatzen ere ikasi behar izan dut, horrelakoa da gure ogibidea. Minik ez duela esaten dizun pilotari profesionala gezurretan ari da.
Profesionaletara jauzi egin zuenean, ez zenuen hasiera erraza izan.
Oso gazte debutatu nuen, 18 urtegaz, oraindik egin barik nengoen fisikoki, eta eskuak bigun nituen. Pare bat urte kosta zitzaidan nire gorputza profesionaltasunera egokitzea, pilotak asko aldatu ziren, eta abiadura bestelako bat da. Lanagaz eta nire inguruko lagunekin aurrera egin nuen. 2014an, Aimar Olaizolagaz bikoteko finalera heldu nintzen, eta gorenean nengoenean hasi zen nire kalbarioa, eskuan min hartu nuen. Lesioekin edo lesiorik barik lehen mailan jokatzen jarraitu dut, eta zelako pilotariekin, gainera, garai bat ezarri dutenekin: Irujo, Barriola, Bengoetxea, Berasaluze, Altuna, Laso… asko betetzen nau horrek. Esperientzia asko bildu ditut, egoera denetatik pasatu izan naiz, eta denak ala denak kudeatu ditut. Ez da erraza gaur egun hamabi urtetan profesionala izatea.
Azkenaldian nahi baino partida gutxiago jokatu dituzu?
Enpresak, azkenean, beste pilotari batzuei ematen die lehentasuna, gazteei batez ere; nigaz ere gauza bera egin zuten. Ni sartu nintzenean ere, beste batzuek albo batera eman behar izan zituzten pausoak. Gazteei aukera gehiago eman nahi izan dizkiete, eta azkenengo urtebetean nahi baino partida gutxiago jokatu ditut.
Baikoko pilotariek egindako greban eduki zenuen protagonismoak eragina eduki du?
Ez dakit hori izan bazen arrazoietako bat edo ez. Oso harro nago eman genuen aurrerapausoaz, garai txarrak ziren, pilotari beste ikuspuntu bat eman behar zitzaion, zentzu askotan. Aurrerapauso hori eman genuen, eta orain, agian, kalterako izan zela pentsa daiteke. Baina horrek ez dit lorik kentzen, oso beharrezkoa zen, eta harro sentitzen naiz. Asko lortu genuen grebagaz.
“Greba oso beharrezkoa zen eta oso harro sentitzen naiz lanagatik”
Atzera begira jarrita, zein momentu aukeratuko zenuke?
Lehenengo, zelan ez, debutatu nuen eguna. Profesionaletako nire lehen partida nire herrian eta nire frontoian, 1.200 pertsonaren aurrean, Bengoetxeagaz jokatzen, Berasaluze eta Belokiren aurka. Hori ahaztezina izan zen. Gainera, nahikoa ondo jokatu nuen, eta asko gozatu nuen. Finala ere oso berezia izan zen, baina partida baino, aurreko egunak. Animo asko izan nituen. Beti diot familia asko ditudala Euskal Herrian banatuta, Markina-Xemeinen, Lekeition, Berrizen, Santurtzin, Zumarragan… eta horregaz geratzen naiz, ez dago txapelik hori merezi duenik. Ez naiz izan kolpe izugarriko pilotari bat, ez naiz izan txapelak irabazteko pilotari bat, baina lankideen laguna izan naiz, lagunen laguna. Beti irribarre bategaz ahoan atzera eta aurrera ibili dena. Badakit jendeak estimua hartu didala, eta horregaz geratzen naiz.
Zelakoa espero duzu zapatuko Bilboko omenaldia?
Agur bat da, nahiz eta ez jokatu. Enpresak telebistaren aurrean egin nahi duen agur bat da, niretzako apur bat hotza da. Nire asmoa da Gabonetan edo urtarrilean Markina-Xemeinen benetako agur bat egitea, ni hobeto nagoenean, seguruenik jokatzeko gai izango ez naizen arren. Jokatzea da ametsa, baina ez dut uste posible izango denik. Herriari horrelako agur bat zor diodala uste dut, jai giro eder bategaz, pilota egun on bategaz amaitzea. Urtero herriko pilota eskolak jaialdiak hartzen ditu, gainera.
Eta etorkizunean, zer egin behar duzu?
Zerbait hasi naiz mugitzen. Egokitzapen prozesu bat da azken batean, pilotariaren bizimodutik herritarren eguneroko bizimodu batera. Lantegira zortzi ordu lan egitera joan behar banaiz ez dut arazorik izango, aurretik lan egin dut, ez zait erantzunik jauziko, hortik nator eta. Harro diot, gainera.