Lekeitioko 45. Euskal Zine Bileran Super 8 lantegia antolatu dute
Zine-Lab proiektukoek domekan [urriak 23] emango dute ikastaroa, “helburua da euskal zinemaren ondarea batu eta dibulgatzea”.
Gaur [urriak 20] hasiko da Lekeition Euskal Zine Bilera. 45. urteurrena ospatzeko Lekeition zinea gara leloa aukeratu dute, domekara arte euskal zinema onenagaz gozatzeko aukera egongo da Ikusgarri aretoan. Euskal Herriko jaialdirik zaharrenak eta euskara hutsezko bakarrik hainbat ekintza eskaintzen ditu film lehiaketaz gain.
Domekan, esate baterako, Atzo 8 espazioaren baitan, Super 8 lantegia eskainiko dute Zine-Lab proiektukoek. «Helburua da euskal zinemaren ondarea batu eta dibulgatzea», zehaztu dute antolatzaileek. Bi norabidetan lan egingo dute ikastaroan. Alde batetik, zine analogikoaren inguruko sormen prozesuak bultzatuko dituzte. Beste alde batetik, euskal zinemaren ondarea digitalizatu eta artxibo baten forman ezagutaraziko dute.
Doako lantegia irudi mugikorren sorkuntzan, materialitate filmikoan eta eskuzko sorkuntza -eta esperimentazio- prozesuetan interesa duen edozein pertsonari dago zuzenduta. Hori bai, gehienez 15 pertsonak parte hartu dezakete. 11:00etatik 18:00etara izango da kultur etxean eta 18:30ean egingo dituzte proiekzioak ikusgarri zine aretoan.
Praktikoa. Hain zuzen ere, lantegi praktiko bat da. «Super8 lantegi honetan, irudi mugikorrarekin esperimentatuko dugu, zeluloidearen gakoak azalduz, kolorezko pelikularen filmazioa, errebelatzea eta ekoizpen prozesuak modu autonomoan garatzeko». Helburutzat jarri dute formatu analogiko honetako gailu desberdinak menperatzea, artisau lan moduan film kolektiboa osatuz.
Ikastaroa aurrera eramateko arduradunak Zine-Lab proiektuko Maite Alonso eta Unai Ruiz izango dira.
Lehendabizi, filmazioa egingo dute kolorezko Super 8 formatoan. Parte-hartzaile bakoitzak bere kamara ekarri ahalko du bere erabilera ondo ezagutzeko. Hala ere, Lantegiak emango ditu filmatzeko, errebelatzeko, muntatzeko eta proiektatzeko behar diren material eta gailu guztiak. Filmaren karga LOMO tankean egingo dute ostean, eta artisau lan moduan kolorezko pelikula alderantzizko prozesuan errebelatzen irakatsiko dute. Muntaiari dagokionez, Super 8 lotailua erabiliko dute filmaren proiekzioa prestatzeko. Azkenik, proiektorearen funtzionamenduaren azalpena eta filmaren proiekzioa egingo dute.