Oletara arteko bidegorria hobetzeko plana aurkeztu dute Gizaburuagan
Markina-Xemein, Etxebarria, Ispaster, Lekeitio, Mendexa, Munitibar eta Gizaburuko nagusien elkarteak eta Lea Ibarrako Lagunkoi taldeak parte hartu dute.
Lekitto Bedarra taldeak 2022ko martxoaren 3an jasotako iradokizunak jarraituz, Oletara arteko bidegorria hobetzeko plana aurkeztu zuen atzo [urriak 19] Gizaburuagako udal aretoan. Julian Arrate eta Edu Zabala taldeko kideek lan handia egin dute azken hilabeteetan proiekturako ideiak lantzen. Aurkezpenean Markina-Xemein, Etxebarria, Ispaster, Lekeitio, Mendexa, Munitibar eta Gizaburuagako nagusien elkarteak eta Lea Ibarrako Lagunkoi taldeak parte hartu zuen.
Eragileen arabera, Lekeitiorik irtetzen den ibilbidea ez dago nagusientzako behar bezala egokituta, eta haiek dira, hain zuzen ere, gehien erabiltzen dutenak. “Adinekoak ez dira gai ibilbidea osazeko dauden traba guztiengatik, nahiago dute autobusa hartu eta Oletara arte joan, bertan jaitsi eta Gizaburuagara arteko ibilbidea osatzeko”. Ibilbidearen gorabeherak eta aldatsak turismoarentzako eta mendi martxak egiten dituztenentzako egokiak direla diote.
Egoera horren aurrean Lekitto Bedarra duela zenbait hilabete jarri zen proiektu bat garatzen, bestelako bide alternatibo baten bila. Bigarren ibilbide hori araztegiaren atzetik joango litzateke, horrela errepide albotik joan behar izanaren arriskua kenduko litzateke, eta bidez batez, naturatik sartu. Leako zubia pasata Mendexari dagokion lurraldean sartuko litzateke bidea eta hortik burdinolara arteko bidea osatu. Bertan seinalizazioak jarriko ziren oinezkoak babestu ahal izateko. Oletara heltzeko orain arteko bidea baserri baten atzekaldea zeharkatzen du, bide horrek, berriz, aldats handia du amaieran. Proiektu berriaren arabera, atzetik pasa ordez, aurretik pasa beharko litzateke, ibaiaren ondotik, bizilagunei eragozpen gutxiago sortuz. Gauzak horrela, segurtasunez, Oleta eta Lekeitioko bidea 30 minututan osatu ahalko litzateke.
Laguntza. Proiektua hurbilekoei aurkeztuta, orain udaletara joko dute kideek. “Nahiz eta taldeak bere laguntza guztia eskaini herri bakoitzari aurrera pausoak emateko, Lekeitio, Mendexa, Ispaster eta Amoroto izan behar dute proiektuaren bultzatzaileak”. Horretarako, bizilagunen, nagusien eta Lagunkoi taldearen laguntza dute. “Politikariek agendan izan behar duten gai bat da, are gehiago orain hauteskundeak etorriko direla, momentu ezin hobea da proposamenak egiteko”. Proiektua epe ertain edo luzerako bada ere, gaurko, biharko eta etorkizuneko nagusientzako mesedegarria izango dela gogoratu dute. “Ezin daiteke ezer egin ekinik gabe”. Horrez gain, Lea Ibarrako Amankomunazgora ere joko dute: “bidearen jabea da, parte hartu beharko duela eta Lagunkoiko taldeak presidenteari zuzentzeko gelditu dira honen berri emateko”.
Bitartean Lekitto Bedarra, herri mailan jarraituko du proiektuaren zabalkuntza egiten, herritar guztientzako hainbat abantaila izango duelako: “nagusientzako erosoagoa, oraingo segurtasun eza gaindituko duena, mendiko PR ibilbideari irtenbidea ematen diona…”.