Plaza bete maitasuneko omenaldia egin diote Berriatuan Belausteiri
Mari Jose Barinagarrementeria Belausteiren emazteak eskerrik beroenak eman dizkie omenaldia posible egin dutenei eta plazan bildu diren guztiei: "Ez genuen hainbesterik espero, eta ziur nago Jose Marik ere ez zuela esperoko. Eskerrik asko benetan gaurkoa posible egin duzuen guztioi".
Herriko harriekin, punta-puntako omenaldia egin diote gaur eguerdian [urriak 22] Jose Mari Bereikua ‘Belaustei’ berriatuar probazaleari. 12:00etan puntuan hasi da omenaldia, eta minutuek aurrera egin ahala, plaza jendez betetzen joan da. Berriatuko Probazaleek eta Belausteiren lagunek osagairik falta izan ez duen aitortza eskaini diote.
Mallabiko Juan Luis Irazolaren astoagaz hasi da proben erakustaldia. 633 kiloko harriagaz, 47 untze egin ditu 20 minutuan. Aulestiko Kobak ere ez du omenaldia galdu nahi izan, eta hainbeste sari irabazi dituen Rubio zaldiagaz aritu da. 950 kiloko harria mugitu du Rubio-k 20 minutuan, 52 untze osatuz. Usaistiren idi pareak 34 untze osatu ditu, 1.750 kiloko harriagaz.Â
Berriatuko neska-mutilen txanda ailegatu da ondoren, Arre o Iso kuadrillakoena. Omenduaren semearen kuadrillakoak izanik, euren ekarpena egin nahi izan dute Gorka Aldazabal, Egoitz Iriondo, Xabier Pagoaga, Danel Elezgarai, Neskuts Aldazabal, Oier Mugartegi, Maddi Basterretxea eta Iñigo Rikek –Gipuzkoako txapelketetan aritu izan da–, eta ondo baino hobeto egin ere egin dute. Atzo iluntzean [urriak 21] egin zuten entsegua, eta minuturo bi untze egiteko asmoz atera dira probalekura. 10 minutuan, 19 untze eta 3/4 egin dituzte, eta pozik zeuden amaieran. “Ondo egin dute” , zioen prestatzaileak, harro.Â
Agurra, bertsoak eta opariak. Dantza, bertso eta oroigarriekin osatu dute omenaldia. Joseba Goienola arduradu da bertsoez:
Txakur ta ardi, zaldien lagun, probalari eta artzai
gure gogoan izango zara umoretsu eta alai
besarkada bat Marijo, Leire, Jon ta familiari be bai
ea lagunon maitasuna den samina gozatzeko gai
animo asko ta musu bana harriak aurrera darrai
Bereikuaren emazte Mari Jose Barinagarrementeriak esker oneko berbak eduki ditu amaieran. Hunkituta hitz egin du, eta hunkituta utzi ditu plazan zeudenak: “Ez genuen hainbesterik espero, eta eta ziur nago Jose Marik ere ez zuela esperoko. Ezusteko polita izan da, eta eskerrak eman nahi dizkiet plaza bete duten guztiei. Badakit egon ez den jende batek ere nahi zuela hemen egon, hala adierazi didatelako. Antolatzaile, lagun, udalari, omenaldian parte hartu duten danei eskerrak eman nahi dizkiet, familia guztiaren partez”.
Bazkaritan batu dira ondoren, sentipenez betetako eguna hasi den modura amaitzeko, lagunartean.