Urteurren ospakizun zirraragarria izan du Berriatuko Txirrindulari Elkarteak
Gaitza erraz eginda, emozioz betetako ikuskizuna eskaini dute Urepel plazako ondoko aparkalekuan Aitor Navarro, Arkaitz Armendariz, Julen Saenz eta Xabier Valverdek.
Funbox Factoryko kideek ikusmina sortu dute. Berriatuko Txirrindulari Elkarteak 40. urteurrena beti ondoan dauden herritarrekin ospatu nahi izan du gaur [urriak 22, zapatua] , eurengandik jasotzen duena bueltatu, eta herritarrek ez dute hutsik egin. Herrian egin den lehenengo freestyle ikuskizunaz ondo baino hobeto pasatu dute. Gaitza erraz eginda, Aitor Navarro, Arkaitz Armendariz, Julen Saenz eta Xabier Valverdek ikuskizun zirraragarria eskaini dute Urepel plazako ondoko aparkalekuan. Ikusleek, bereziki gazteenek, emozioz bete bizi izan dute.
Ordubete inguruko saioan, Saenzek eta Valverdek oztopo artifizialak baliatu dituzte trial diziplinako ariketak egiteko, eta Navarrok eta Armendarizek ezinezko jauziak egin dituzte airean, itzulipurdi eta akrobaziekin. Minutuek aurrera egin ahala, zailtasuna gehitzen joan dira. Ikusleen txalo zaparrada gero eta ozenagoak izan dira horren erakusle. Altuera jauzi txapelketa ere egin dute, eta Saenzek gehienezko altuera gainditu du, plaza bete jenderen oihu eta animo artean.
Parte hartze aktiboa. Ikusleek ere zeresana eduki dute ikuskizunean. Boluntarioak eskatu ditu Funbox Factoryko esatariak, txirrindulariek haien gainetik bizikletaz jauzi egiten zezaten. Erraz gainditu dute erronka.
Ikuskizuna amaitzeko gutxi geratzen zenean, haize ufada indartsuren bat edo beste ere izan da, eta haizeak freestyleko arlanpa puzgarria lekuz mugitu du. Edonola ere, segituan jarri dute zegokion lekuan.