'Muga' filmak irabazi du Lekeitioko 45. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra
Garaia Pagola mutrikuarrak Kameratoia ekimenean bigarren saria lortu du.
Atzo [urriak 23] amaitu zen Lekeition 45. Euskal Zine Bilera, sail ofizialeko sari banaketa, berriz, zapatuan [urriak 22] ospatu zuten Ikusgarri zinema aretoan. Guztira 20 izan ziren lehiaketara aurkeztu ziren filmak, denak ala denak eguenetik zapatura ikusi ahal izan dituzte lekeitiarrek eta herrira hurbildu ziren denek. “Genero eta izaera oso ezberdinetako lanak ikusi ahal izan dira jaialdian zehar eta, aniztasun horren bidez, istorio ikusgarri eta interesgarriez gozatzeko aukera egon da”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Bost izan ziren banatu ziren sariak, eta horrenbestez bost irabazle egon ziren, euskal zinema izan bazen ere, oro har, jaialdiko garaile nagusia. Irabazleak erabakitzearen arduradunak Getari Etxegarai, Paul Urkijo eta Izaskun Urkijo zinegileak izan dira. Esperientzia eta ikus-entzunezko sektorearen ikuspegi zabala duten epaileek erronka handia izan dute film laburren artean onenak aukeratzeko.
Eñaut Castagneten Muga filmak irabazi du Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra, hau da sari nagusia, eta 3.000 euro ere jaso ditu. Immigrazioa, maila sozial eta lan esplotazioa bezalako gaiak jorratzen ditu lanak. Western estruktura duen pelikulak denbora osoan tentsioa mantentzen du, kameraren erabilera eta musikaren “erabilera bikaina” goraipatu dute epaileek.
Zuzendaritza onenaren saria, berriz, Aitzol Saratxagak eskuratu du Lanbroa filmagatik. Zilarrezko Antzarra eta 1.600 euro eraman ditu etxera zuzendariak. “Baliabide narratiboak ikus-entzunezko lengoaiaren bitartez adierazten ditu eta genero fantastikoaren kodeak modu paregabean erabiltzen ditu”.
Gidoi onenagatik saritu nahi izan dute Raul Barrerasen Arnasa filma Zilarrezko Antzarragaz eta 1.600 euroko sariagaz. Xamurra eta hunkigarria izan zela adierazi dute epaileek. Horrez gain, narratiboki, era borobilean egina eta errespetuzko mezua adierazten duela nabarmendu dute. Arnasa izan da, hain zuzen ere, EITB Ikusleen sariaren irabazlea ikusleek jaialdian zehar emandako botoei esker. Barrerasen filmak bataz beste 5 puntutik 4,31 eskuratu ditu. Horrenbestez, beste Zilarrezko Antzar bat eraman du etxera 750 eurogaz batera.
Azkenik, Gazte22 sariak ez dizkio epaimahaiari hainbesteko buruhausteak eragin, “erabakia erraza izan da”. Bakarra izan da 22 urte baino gutxiagoko egilea: Nagore Muriel eta Erro bi filma. Berarentzat Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria. Nahiz eta garaikurrik ez lortu, epaimahaiak aipamen berezia egin nahi izan dio Leire Egañaren Erlojupekoa lanari.
Gainera, sail ofizialetik aparte, Garaia Pagola mutrikuarrak Kameratoia ekimenean bigarren saria lortu du bere lan taldeagaz batera. Haragia izeneko lanagaz lortu duten bigarren saria, hori gutxi ez, eta 350 euro poltsikoratu dituzte Demasa lehiaketan parte hartzeko zuzeneko txartelagaz batera. Kameratoia Euskaltzaleen Topaguneagaz elkarlanean egiten den ekimena da, jaialdiagaz batera egiten dena. Zinegile gazteek 40 ordutan film bat sortu eta aurkeztu behar dute. Aurten, gidoigintzari buruzko formakuntza jaso dute Paul Urkijo zuzendariaren eskutik.
Omenaldia. Zapatuko ekitaldiko une berezienetako bat Ramon Agirre Lasarteri egindako omenaldia izan zen. Euskal Zine Bilerak euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko intentzioagaz Euskal Zinemaren begirada sortu zuen. 45. jaialdian Agirre aktorea omendu nahi izan zuten, “1983. urteaz geroztik euskal zinema, antzerki eta telebistan ezinbesteko ekarpena balioan jartzeko”. Euskarazko zinean egindako film esanguratsuenetan parte hartu du Agirrek, baita nazioartean ere. Tartean aipatu daitezke Aupa Etxebeste (2019), Handia (2017), hamar Goya sariren irabazlea, Errementari (2017), Txarriboda (2015), Baztan (2012), Las trece rosas (2013) edo Amour (2012), Cannesen urrezko palma irabazi zuena.
Antolatzaileek irabazleak ez ezik, partaide guztiak ere zoriondu nahi izan ditu, “haien lanetan erakutsitako trebezia eta originaltasunagatik”. Horrez gain, egunez egun Ikusgarri zinema aretotik jaialdia jarraitu duten ikusleei ere eskerrik beroenak eman nahi izan dizkiote. 2023an berriz ere euskarazko zinema bultzatzen jarraituko duela aurreratu du Euskal Zine Bilerak.
Azkenik, aurtengo jaialdiaren parte izan diren laguntzaile eta babesleak ere gogorarazi nahi izan dituzte. Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Eitb, Erabil, (H)emen, Eusko Label, Silken Uribarren hotela, Zinegin, Hitza, Euskaltzaleen Topagunea, Zinemazaleak Elkartea, Ibaia, Zinea.eus, Arragua, Kimuak eta Euskadiko Filmategi izan dira Lekeitioko Udalak antolatzen duen Euskal Zine Bilera aurrera eramateko laguntza eta babesa eskaini duten eragileak.