200 jubilatu baino gehiagok parte hartu dute herri arteko topaketan
Etxebarriko, Berriatuko, Markina-Xemeingo eta Ziortza-Bolibarkoek zapatuan [urriak 22] irteera egin zuten.
Lea-Artibai eskualdeko jubilatu elkarteak oso aktiboak dira, harreman ona dute haien artean eta ekimen asko antolatzen dituzte. Batzuetan bakoitza bere kabuz, besteetan elkarteen arteko elkarlanean, baina baita denek batera ere. Herri arteko topaketa da, hain zuzen ere, jubilatuak elkarteko eguna: “Urtero agendan gorriz markatuta dugun eguna da”. Etxebarriko, Berriatuko, Markina-Xemeingo eta Ziortza-Bolibarkoek parte hartu dute aurten.
Zapatuan [urriak 22] 200 jubilatu baino gehiago elkartu ziren Gipuzkoan. Aurten lekuz aldatzea erabaki dute, orain arte ospakizuna egiten zuten jatetxean tokirik ez zegoelako hainbeste pertsonarentzako. Egun osoko egitarauari aurre egin zioten nagusiek. Aginaga Sagardotegian zeukaten tokia hartuta, baina bazkaldu aurretik, eskualdetik irten ziren bost autobusek Orion zuten geralekua. Bertan herriko kaleetan barrena galtzeko denbora izan zuten batzuk, beste batzuk, berriz, kafea hartzeko baliatu zuten tartea.
Dena ezin hobeto neurtuta zeukaten, arrakalarik gabe, eta Aginaga Sagardotegian mahai inguruan elkartu ziren bazkariaz gozatzeko prest. “Oso ondo jan genuen, bazkaria oso ona izan zen, eta asko gozatu genuen”. Hori zen azken batean helburua. Joaneko bidaian egin bezala, itzultzerakoan ere geldialdia egin zuten jubilatuek, Zarautzen kasu honetan, bertako hondartzak ikusi ahal izateko. 20:30ean heldu ziren etxera azkenean.
Antolatzaileek balorazio ezin hobea egin dute. “Koronabirusaren ostean, nagusiek beldurrak kentzen goaz pixkanaka, eta horrelako topaketek gure harreman ona sendotzeko oso garrantzitsuak dira”. Datorren urtean errepikatzeko prest agertu dira gainera.