Lekeitioko Herri Eskolak Katu Beltza eguna berreskuratu nahi du
Urriaren 31n hainbat ekintza antolatu dituzte “daukanak ez daukanari ematea gogoan izan” lelopean.
Gaur egungo umeek Estatu Batuetako Halloween ospatzen dute, baina badago Arimen Gaua ere Euskal Herrian, eta Katu Beltza Lekeition. Ipar Ameriketako konsumismo eredutik “aldendu” nahi ditu umeak Lekeitioko Herri Eskolak, eta horretarako, tradiziora itzultzea baino hoberik ez dago.
“Arimen Gaua ospatu nahi dugu, duela urte batzuk azaroko lehen asteburuan ospatzen zen Katu Beltzaren figura berreskuratuz”, adierazi dute. Eskolan hasi dira dagoeneko bide hau jarraitzen eta zenbait tailer jarri dituzte martxan urriaren 31n zabaldu ahal izateko: “Dinamika eskolan hasi arren, herri osora zabaldu nahi dugu, horregatik aterako gara plazara, denek parte hartu dezaten”.
Urriaren 31an umea mozorrotuta ateratzea nahi dute, baina mozorroak erosi gabe, etxean sortutakoak izatea nahi dute. Eskolan egiten ari diren tailerrekin jarraitzeko, kalabazak apainduko dituzte. “Estatu Batuetako irudi tipikoa bada ere, ikerketa baten ostean ikusi dugu Euskal Herrian ere kalabazak apaintzen zirela”. 18:00etan etxerik etxe janari eske abiatuko dira, horretarako “Xanduli Manduli” esaera erabiliko dute. Biltzen duten dena Lekeitioko Elikagaien Bankura bideratuko dute. Horregatik, hain zuzen ere, aukeratu dute “daukanak ez daukanari ematea gogoan izan” leloa.
19:15ean Katu Beltza ipuin kontaketa egongo da eta jarraian txalaparta doinuek hartuko dute herriko plaza. Musikak ez du etenik izango eta kalejira osatuko dute 19:30eatik aurrera Arranegitik plazara. Bertan eskolako zein eguneko tailerretan sortutako kalabazak, argiak edota linternak erakutsiko dituzte: “Dantzan eta kantuan ariko gara, espiritu txarrak aldentzeko eta onei bidea egiteko”. Azkenean, beldurrak erreko dituzte plazan. Horrez gain, herriko plazan txosna jarriko dute eta gaztainak erreko dituzte nahi dituztenentzat. Bildutako dirua Bihotz Zabal Laguntza Elkartearentzat izango dela jakinarazi dute.