Mendi asteburua antolatu du Artibai Mendigoizale taldeak Markina-Xemeinen
Udalagaz eta Leaktibai elkarteagaz batera, hainbat ekintza dituzte prest.
Badira urte batzuk Artibai Mendigoizale taldeak mendiaren eta naturaren inguruko jardunaldiak antolatzen dituena Markina-Xemeinen. Batzuetan aste guztikoak izaten dira, beste batzuetan, berriz, asteburukoak. Aurten zapatuan [urriak 29] eta domekan [urriak 30] oinarritu dituzte ekimenak. “Helburua da Lea-Artibaiko eragile desberdinak elkartzea eta elkarlanean aritzea mendiko eta naturako diziplina ezberdinak garatuz gure arteko harremanak indartzeko”, adierazi dute antolatzaileek. Egitaraua aurrera eraman ahal izateko Leaktibai eta Markina-Xemeingo Udalaren laguntza dute, beste eragile batzuen kolaborazioagaz batera.
“Kalitatea hobesten dugu, kantitatea baino, hortaz, urtearen arabera hitzaldi gehiago edo gutxiago lortzen ditugu, ateak erabat zabalik ditugu, eta ez bakarrik mendiko gaiekin lotuta, baita naturagaz ere”. Aurten, beste behin, ekintza oso interesgarriak elkartu ahal izan dituzte. Atzean utzi nahi dituzte iaz oraindik indarrean zeuden osasun babesak, espazio itxietako pertsona kopurua edo musukoaren erabilera, esate baterako.
Zapatuan 10:00etatik aurrera eta Uhagon kultur elkarteagaz eta Ades espeleologia taldeagaz batera bisita gidatua osatuko dute Gabaroko meategietan. Ekimen hau Europako ondare jardunaldien barruan dago kokatuta, eta aurtengo egitarauko berritasun nagusia da. “Parte hartzaileak Boluko zubitik hasita, Meategiko hainbat xehetasun ikusi eta bizi ahalko ditu, Markina-Xemeinek eta oro har, Lea-Artibai eskualdeak, burdinagaz duen harremanaz gehiago jakin ahalko dute”. Horrez gain, meategian dauden aztarnen inguruan ere ariko dira. Beste urte batzuetan, adibidez, Ahaztuen Oroimenan Elkarteagaz aritu izan dira elkarlanean.
“Kalitatea hobesten dugu, kantitatea baino, hortaz, urtearen arabera hitzaldi gehiago edo gutxiago lortzen ditugu”
Domekan, 10:00etan Artibai Mendigoizale taldearen ekimen arrakastatsuenetako bat eramango dute aurrera, orientazio martxa, hain zuzen ere. Parte hartzaileek zortzi kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, pistak aztertzeko mapa bat izango dute lagungarri. Hiru ordu irautea aurreikusten dute. Bidea urtero aldatzen dute, baita gaia ere, aurtengoa baso landareak dira. “Helburua da didaktikoa izatea eta gaiak zabaltzea, gai asko jorratu ditugu, iturriak, animaliak edota arbolak, besteak beste”.
18:30ean, azken urteetan bezala, Menditour lehiaketako film onenak emitituko dituzte mendifilm emanaldian. Esperantza aretoan piraguismoaren inguruko Jötunn filma, mendi eskiaren The traverse eta eskaladako Black ice. Ordaindu beharreko ekintza bakarra da, sarrera orokorrak bost euro balio ditu, eta Artibai Mendigoizale taldeko bazkideentzat hiru euroko prezioa du. Sarrerak udaleko harrera makinan daude salgai urriaren 28ra arte.