VIII. Usotegi Eguna antolatu du Lekitto Bedarrak bere 10. urteurrenean
Ospakizuna zapatuan [urriak 29] izango da. Aurrekoetan goizez ospatu izan badute ere, aurten arratsaldean egingo dituzte ekintzak.
Lekitto Bedarra taldeak hamar urte betetzen ditu aurten, eta dagoeneko zortzi daramatza Usotegi Eguna ospatzen. Aurten zapaturako [urriak 29] antolatu dute egitarau oparoa Lekeitioko Usotegi parkean. “Urte guztian zehar egindako lanaren erakusleihoa izango da. Horrela, jende berria erakarri nahi dugu gurera, parte hartzaileak animatuz”.
Hamar urteko ibilbidean aldaketa gutxi izan dira taldean, betikoak daude, eta hori da, hain zuzen ere, aldatu nahi dutena. “Berriztapena behar dugu lan taldean, azken urteetan izan dugu pertsona berriren bat gurera batu dena, beste batzuk puntualki datozenak, baina konpromiso gehiago nahi dugu. Aurten zortzi aldiz banatu diogu uzta Elikagai Bankuari, hirutan dominikar monjei, eta azkenaldian, Caritas gehitu da zerrendara”.
Aurten, berritasun modura, eguerdian emango diote hasiera Usotegi Egunari, eta gauera arte luzatuko da jai giroa. 14:00etan parkean dagoen plakaren berrikuntza aurkeztuko dute, hiru artistek egin dute lan horretan, eta haiek izango dira plaka erakusteko arduradunak.
Doako paella janean izena emateko epea amaitu da, eta guztira 30 pertsona elkartuko dira bazkarirako. Hala ere, jakinarazi dutenez, nahi duenak etxetik eraman dezake janaria eta antolatzaileek jarriko dute edaria, mahaia eta aulkiak. Bazkalostean, ohi legez, txorimaloa prestatzeko tailerra egingo dute (15:00-17:00). Horrez gain, jolas modura, gazta baten eta kalabaza baten pisua asmatzeko txapelketa egingo dute. Usotegi Eguneko aitzur jaurtiketa txapelketa beste ohiko ekintza nagusietako bat izango da; 17:00etan hasiko da txapelketa hori, eta parte hartu nahi dutenak 15 minutu lehenago hara hurreratu beharko dira
18:15ean hasiko da Jakoba Errekondoren hitzaldia (18:15-19:45). Kasu honetan, beste batzuetakoekin alderatuta, galdera erantzunen bidez egingo dute lan. “Dinamikoa izatea nahi dugu, galdera asko eta erantzun arinak, hurbiltzen direnen zalantzak argitzea nahi dugu, aberasgarria izango da hitzaldia”. Jai giroari amaiera emateko, su artifizialak jaurtiko dituzte hamar urteak ospatzeko, eta umeentzat sorpresak iragarri dituzte.