Eneritz Lizardi mutrikuarra eta Aritz Erkiaga ispastertarra, munduko txapeldun
Miarritzen (Iparraldean) jokatu da euskal pilotako Munduko Txapelketa. Biek ala biek titulua berretsi dute.
Euskal Herriko bikoteak nagusi izan dira Miarritzeko (Iparraldea) euskal pilotako munduko txapelketan. Emakumezkoetan, Eneritz Lizardi-Maite Ortiz de Mendibil eta Ihart Arakistain-Arai Lejardi bikoteak partidarik galdu gabe heldu ziren finalera. Gizonezkoetan, Aritz Erkiaga-Imanol Lopez eta Iñaki Osa Goikoetxea-Unai Lekerika bikoteak heldu ziren finalera.
Nesketan, nagusitasunaren erakusle nagusia finalaurrekoetako emaitzak izan ziren. Mutrikuarra eta arabarra Mayorca-Ballesteros bikote mexikarra baino askoz gehiago izan ziren, ez zieten inolako aukerarik eman: 15-4 eta 15-2. Berriturrak eta markina-xemeindarrak ere erraztasun handiarekin lortu zuten garaipena Sorozabal eta Aude frantziarren kontra: 15-6 eta 15-5.
Finala askoz orekatuagoa izan zen, azken batean txapelketako bi bikoterik indartsuenak ziren. Hasieran urduritasunak nagusitu ziren, bi bikoteek ez ohiko akatsak egin zituzten, asko zegoen jokoan. Hori bai, jokoaren ekimena gorriek ezartzen zuten, 6-3 aurreratu ziren. Pixkanaka Arakistain jokoan gehiago eta hobeto sartzen hasi zen 6nako berdinketa jarri arte. Gorriek aurrelari berrituarra jokoz kanpo utzi nahi zuten eta horrela alde egin zuten berriro markagailuan 12-7koarekin. Zalantzarik gabe 14-8ko tantoa izan zen partidako tantorik onena, lau puntistek maila ikaragarria erakutsi zuten pilota oso gaitzak itzuliz. Miarritzeko frontoia betetzen zuten ikusleak zutik jarri zituzten. Azkenean, lehen seta gorria izan zen: 15-10.
Bigarrena are eta berdinduagoa izan zen, ez zen zulo handirik zabaldu markagailuan. Lejardi ohi baino deserosoago zegoen atzeko koadroetan, pilotari neurria hartu gabe. Arakistain jokoan sartzen zen bakoitzean erritmoa aldatzen zuen, eta aurreko koadroetan jokaldi bikainak amaitu zituen bi paretaz. Horrela lortu zuten zuriek 7-10 aurreratzea. Ez zuten asko iraun, Ortiz de Mendibilek eta Lizardik ezker horma ezin hobeto bilatu zuten berdinketa lortu arte. Bigarren seteko azken tantoan erabaki zen munduko txapelketa. Aurrelari zumaiarrak ezker horman itsasi zuen pilota eta Arakistainek ezin izan zuen zesta sartu: Ortiz de Mendibil eta Lizardi, munduko txapeldun.
Berriro txapeldun. Aritz Erkiaga aurrelari ispastertarrak eta Imanol Lopez atzelari zumaiarrak eskuratu zuten gizonezkoen munduko txapelketa. Finalean txapelketa bikaina egin duen beste bikotea eduki zuten aurrez aurre: Iñaki Osa Goikoetxea beterano zumaiarrak eta Unai Lekerika gernika-lumotarrak osatutakoa. Erkiagak, lau urte beranduago, Jonathan Duke Gonzalezegaz batera Bartzelonan eskuraturiko munduko txapelketa berretsi zuen Miarritzen. Berak eta Lopezek 2-1 lortu zuten garaipena Jai Alai pilotalekuan.
Bikote urdinak lehendabiziko seta modu bikainean jokatu zuen. Abiadura eta lehiakortasun maila handiko lehen seta izan zen, eta urdinek asmatu zuten partiduaren erritmoa maisuki kudeatzen. Goikoetxeak eta Lekerikak, beren aldetik, partidua beren aldera eroateko saiakera egin zuten lauko berdinketaren ondoren. Puntista biek ederto jakin zuten beren lekuan egoten eta partiduari ekarpenak egiten: Lekerikak, frontoiaren atzeko koadroetan; Goikoetxeak, aurrealdean. Gernika-Lumokoak, bere eskumakadekin, jokoaren kontrola hartu zuen, eta horrek gipuzkoarrari tantoak bukatzea ahalbidetu zion. Lehen seta modu sendoan poltsikoratu zuten: 9-15. Lizardik eta Ortiz de Mendibilek iaz ere zesta-puntako Munduko Txapelketa irabazi zuten Iscarren (Gaztela eta Leon, Espainiar Estatua).
Bigarren setean, bikote gorria partidua iraultzeko asmoz kantxaratu zen lehen unetik: Lopezek atzealdean indarrak orekatzea lortu zuen, aurkeriei estutasunez jokatzera behartuz. Erkiagari zegokionez, ez zuen erdietsi ohiko legez jokoan alboz sartzerik, baina hai, ostera, Goikoetxeak lehen zatian baino pilota gutxiago eskuragarri edukitzea. Lehen seteko garaileak, 8-7 edota 10-9ko markagailuekin, oso hurre egon baldin baziren ere, Erkiagak azken esfortzua egin zuen, eta 15-9 irabazi zuten seta. Munduko txapelketa, horrenbestez, berdinketa haustean erabaki zen.
Hirugarren set horretan, hain zuzen ere, Erkiaga eta Lopez nagusi agertu ziren lehenengo momentutik. Nekea agertu zen Goikoetxearen eta Lekerikaren jokoan, eta horrek beraien akatsak areagotzea ekarri zuen. Erkiagak eta Lopezek, beren aldetik, azken seta presio barik irabazteko arrakala zabaldu zuten markagailuan, eta, 10-2 irabazi ondoren, munduko txapeldun bihurtu ziren Miarritzen.
Omenaldia. Gainera, Erkiagari harrera beroa egin zieten bere herrikideek, Ispasterren. Herriko plazan hartu zuten aurrelaria, eta ekitaldi hunkigarri bat jaso ondoren, hurrengo erronkarako prestatu zen. Erronka hori, hain zuzen, Gernika-Lumoko Jai Alai Winter Series txapelketa da. Otsailera artean, berari eta bere bikote Jon Bullet Zabala markina-xemeindarrari egokituko zaie iazko garaipena defendatzea.