David Ruak bigarren urtez jarraian irabazi du Lekitto Bixirik herri krosa
Gaur [azaroak 1] lehiatu da Amandarri triatloi taldeak antolatutako XIV. herri kros herritarra.
Giro paregabean, askorentzat jai egunean eta eguraldia lagun, Lekeitioko plaza txiki geratu da gaur [azaroak 1]. 172 parte hartzailek eman dute izena XIV. Lekitto Bixirik herri krosean eta ume txikien hiru mailatan ere asko izan dira korrika egin dutenak. Amandarri triatloi taldeak antolatutako ekimenak kirolez bete ditu beste behin herriko kaleak.
Herriko gazteak hiru maila desberdinetan banatu dituzte eta parte hartzaile kopurua handia izan da denetan. Sailkapenik ez egon arren, denek jaso dute egurrezko domina. Helburu argia zuten antolatzaileek: “Helburu bakarra lagunekin ongi pasatzea eta kirola egitea izango da”. Baita lortu ere, irribarrez amaitu baitute denek ala denek. Haur Hezkuntzakoek 200 metroko ibilbidea egin behar izan dute. Lehen Hezkuntzako lehen hiru mailetakoek 500 metro, eta LH4-5-6koek, berriz, kilometro bat.
Nagusien lasterketa 20 minutu atzeratu behar izan dute. Dortsalak banatzerakoan ilara luzeak sortu dira eta herri krosaren hasiera atzeratzea erabaki dute, bakoitzak bere zenbakia izan arte. Bitartean portua jendez betetzen hasi da. Batetik, korrikalariak beroketa lanekin hasi direlako, korrika saio leunak eginez edo luzaketekin. Bestetik, familiako kideek eta lagunek kirolariak animatzeko tokia hartu beharra zuten.
5.5 kilometroko ibilbidea zuten aurretik parte hartzaileek, ibilbidean herriko hainbat gunetik pasa dira, kofradiatik, portutik edota Eskolapetik plazara ostera ere itzuli arte. Azkarrena David Rua iazko garailea izan da, 17 minutu eta 21 segundo behar izan ditu. Bigarren Imanol Goñi izan da 34 segundora, bide batez, helmugara heldu den lehen lekeitiarra izan da. Podiuma Beñat Garciak osatu du 18 minutu eta 23 segundoko denboragaz.
Emakumezkoetan bizkorrena Amandarri triatloi taldeko Paule Garcia izan da 21 minutu eta 11 segundoko denboragaz. Bigarrena Izaro Aranburu aulestiarra izan da 22 minutu eta 13 segundoko denboragaz eta hirugarrena Raluca Ungureanu 22 minutu eta 30 segundogaz.