Lekeitioko udal tributu eta prezio publikoak %1,5 garestituko dira
Udalak “ezinbestekotzat” jo du igoera. "Herritarren bizi-kalitatea hobetzera bideratutako proiektuak eta inbertsioak egiten jarraitzeko eta, jada dauden zerbitzuak sendotzeko, ezinbestekoa da udal tasa eta zergak eguneratzea".
Lekeitioko Udalak 2022 indarrean dauden udal tributuak eta prezio publikoak eguneratzeko beharra adierazi du. Hain zuzen ere, %1,5 igoko dira, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga kuoten salbuespenagaz. Horrez gain, zerbitzu publikoak ematearen eta jarduerak egitearen atalean, hirigintzarekin lotutako hainbat tasa berri ezarriko dituzte.
Udal ordezkariek esan dutenez, “herritarren bizi-kalitatea hobetzera bideratutako proiektuak eta inbertsioak egiten jarraitzeko eta, jada dauden zerbitzuak sendotzeko, ezinbestekoa da udal tasa eta zergak eguneratzea”.
Era berean, hobari ezberdinak ezarriko dituzte ezaugarri bereziak betetzen dituztenentzako. Zehazki, Ondasun Higiezinen Gaineko zergan %50eko hobaria izango dute familia ugariko titularrek eta kalteberatasun-egoeran dauden familiek. Gainera, energia berriztagarrien instalazioak eta energia eraginkortasunean eragingo duten lanek %50eko hobaria izango dute eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan.
“Udal tributu eta prezio publikoetatik datozen sarreren bidez, herritarren bizi kalitatea hobetzen jarraitu ahalko da hurrengo urtean, denok egunerokotasunean erabiltzen ditugun zerbitzu eta azpiegiturak hobetuz”.