Berriatuko Txirrindulari Elkartea: etenaldirik gabeko ibilbidea
Berriatuko txirrindularitza elkarteak 40 urte bete ditu aurten. Urte guztietan antolatu dute lasterketaren bat. Herrian txirrindularitzarekiko zaletasun handia dagoela diote. Lehengo eta egungo kideek mila istorio dituzte.

Berriatuko txirrindulari elkarteak 40 urte beteko ditu aurten. 40 urte urtero lasterketaren bat antolatzen. Ez da egon urterik herrian lasterketarik egon ez denik, berdin dio adinak, mailak edo emakumezkoena edo gizonena izan, urtero baten bat egon da. Ezta koronabirusak ezin izan ditu gelditu. Hori gutxi ez, eta ohikoena ez da bat bakarrik antolatzea hiru baizik: San Gregorio saria, Aitxekutz saria eta Lea-Artibai txallengea. Horrela 40 urtetan, etenaldirik gabe.
«Hau ez zen posible izango berriatuarrek eta Berriatuko herriak eskainitako laguntza barik». Hain zuzen ere, txirrindularitzarekiko zaletasun handia dago herrian. Hori da gakoa. 1982ko martxoaren 15ean sortu zen elkartea, eta 2012an aldatu zen zuzendaritza taldea. Ramon Plaza presidenteak eta Rodolfo Bakeriza, Pedro Mari Ibarra eta Gerardo Malaxetxebarria lan taldeak testigua pasa zuten. «Urteak eman genituen lasterketetan laguntzen, baina aurrerapauso bat ematea eskatu ziguten, oso tematiak izan ziren», diote barre artean Yoseba Malaxetxebarria eta Benjamin Aranzeta egungo buruek. «Guk ere gauza bera egin beharko dugu». Haiek ere arazoak ikusten dituzte epe ertainera, gazteak konbentzitu behar dituzte. «Ezin da elkarteak egindako lan guztia atzean utzi, hainbeste urtetan egindako esfortzua, are gutxiago ahaleginik egin gabe».
Bi belaunaldietako kudeatzaileak mahai baten inguruan elkartuta, nahi barik ateratzen dira pasadizoak eta istorioak
Bi belaunaldietako kudeatzaileak mahai baten inguruan elkartuta, nahi barik ateratzen dira pasadizoak eta istorioak. Asko dira, 40 urte, pentsa. Denetarik bizi izan dute bi zuzendaritza taldeek. «Zer ez dugu pasa!». Lasterketa egin ahal izateko irteera eman baino ordu gutxi batzuk lehenago udaletxera heldu den baimenetik, azken orduko ibilbide aldaketetara. «Urte batean bideko zulo batengatik ez ziguten utzi nahi lasterketa antolatzen». Behin lasterketa hasi deneko istorioak dituzte baita ere lehengo zuzendaritza taldekoek. Bakeriza kudeatzaileak bere laneko furgoneta anbulantzia bezala erabili behar izan zuen noizbait, anbulantzia, larrialdi irteera batengatik, atzerapenagaz heldu zelako lasterketara.
Beste urte batean lasterketa bertan behera geratzeko zorian egon zen: trenbideak zeharkatzerakoan bete-betean jaitsi ziren hesiak ihesaldiaren eta tropelaren artean. «Lasterketa gelditu behar izan genuen, denborak hartu, lasterketari bigarren irteera bat emateko». Elkarteko gaur egungo kideei gauz bera pasa zaie aurtengo II. Lea Artibaiko Txallengean. Gontzogaraiganeko errepidea istripu batengatik itxita egon zen, eta gainean hartu behar izan zituzten denborak. Gero, Ziortza-Bolibarren berriro martxan jarri zuten lasterketa, tarteak errespetatuz.
Funtsezkoak. Aldatu ez dena herriaren etengabeko laguntza izan da. Kolaboratzaile sare handia daukate, 40-50 pertsona behar dituzte bakarrik bidegurutzeetan laguntzeko. «Egungo antolaketa errezagoa da ordenagailuekin, lehen boligrafoa eta papera erabiltzen genituen». Aldatu ez dena atez ate joan behar izana da. Azkenean, lasterketak antolatzeko ere, dirua funtsezkoa da, dena mugitzen du. «Baditugu lehen lasterketatik geugaz lanean egon diren babesleak, oso garrantzitsuak dira guretzat, urteko proba denetarako behar besteko diru kopurua lortzen dugu».
Lea-Artibai eta Mutrikuko errepideek osatzen duten zortzi formako ibilbidea Bizkaiko ezagunetako bat da.
Egutegia da beste buruhauste nagusietako bat. «Urteekin txarrera joan da egoera». Kategoria bakoitzeko lasterketa bakarra egon daiteke Bizkai, Araba eta Gipuzkoan egun berean, eta horrek asko zailtzen du data bat aurkitzea. «Sangregorixoetan, maiatzeko lehen astean izaten da gure helburu nagusietako bat datak bilatzerakoan».
2023an, adibidez, bi asteburu gutxiago dituzte lasterketak jarri ahal izateko. Frantziako Tourra Bilbotik irtengo denez eta lehen hiru etapak Euskal Herritik igaroko direnez, asteburu horretan ezingo da beste lasterketarik antolatu. Horrez gain, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeengatik ere ezingo da errepideko kirol probarik gauzatu. «Arazoa da ertzainek egun horietan beste eginkizun batzuk dituztela, eta ez daude laguntzeko moduan».
Ezaguna. Lea-Artibai eta Mutrikuko errepideek osatzen duten zortzi formako ibilbidea Bizkaiko ezagunetako bat da. Berriatutik irten eta Gizaburuaga, Aulesti, Markina-Xemein, Ondarroa edota Mutriku zeharkatzen ditu. Tartean Milloi, Lekoiz eta Kalbarixoko igoerekin. Duela urte batzuk Berriatuko txirrindulari elkarteak antolatutako lasterketak bere gogortasunagatik ziren ezagunak, sailkapenetarako puntu asko ematen zituzten, eta maila oso altuko txirrindulariek parte hartzen zuten.
Ez dira lasterketa asko egongo esan ahal dutenik bertan Migel Indurainek irabazi ez duenik. Horietako bat da Berriatuko San Gregorio Saria: bigarren egin zuen Frantziako bost Tour dituen txirrindulari ohiak. Bigarren izan zen nafarra 1984an. Beste irabazle handi batzuk aipatzearren, Abraham Olano, Mikel Astarloza, Jonathan Castroviejo, Andrey Amador edota Mikel Bizkarra.
2017az geroztik daude emakumezkoen txirrindularitza bultzatzen. Pandemiagatik, 2020 izan zen nesken lasterketarik antolatu ez zuten urte bakarra. Eta ez zen gogo faltagatik izan. Lasterketa astean Berriatuko intzidentzia tasa oso altua zen, eta horrek ez zuen ahalbidetu txirrindulariak herrira ekartzea. Hala ere, kide batzuk Otxandioraino joan ziren lasterketan laguntzera. 2021ean antolatu zuten lehen aldiz Markina-Xemeingo txirrindulari elkarteagaz batera nesken Lea-Artibai Txallengea, esate baterako.
Aurrerantzean ere, errepide bazterretan jarraituko dute.