Mikel Agirre ondarrutarra, azpitxapeldun bigarren mailako Bizkaiko aizkora txapelketan
Atzo [azaroak 6] Lekeition Aritz Irazabal nagusitasunez gailendu zen 14 minutu eta zortzi segundoko denboragaz.
Lekeitioko plazan jokatu zen atzo [azaroak 6] Bizkaiko bigarren mailako aizkora txapelketa. Bizkaiko Herri Kirol Federazioak antolatutako ekimena Lekeitioko herriaren 697. ondare jardunaldien egitarauko azken ekintza izan zen.
Aizkolariek erronka handia zuten aurretik, lehendabizi 54 ontzako enborra, gero 60 ontzako beste bat, ostean 72 ontzakoa eta azkenik, ostera ere 54 ontzako azken enbor bat. Denak mozten azkarrena Aritz Irazabal izan zen, hautagai nagusia zen eta ez zuen ezusterako tarterik utzi. Lehen enborretik aldea zabaldu zuen aizkolariak minutu erditik gorakoa abantaila eskuratu zuen, eta minutuak aurrera joan ahala tartea zabaldu besterik ez zuen egin. Azkenean 14 minutu eta zortzi segundoko denboragaz lortu zuen garaipena.
Bigarren izan zen Mikel Agirre ondarrutarra. 18 minutu eta 9 segundo behar izan zituen lau enborrak mozteko, irabazlearengandik lau minutu eta segundo batera amaitu zituen bere lanak. Hirugarren Xabier Gartzia izan zen 18 minutu eta 22 segundoko denboragaz, laugarren Marco Nevado segundo bakarrera, bosgarren Daniel lopez 19 minutu eta 25 segundoko denboragaz eta Aritz Oregi azken sailkatuak 19 minutu eta 47 segundo behar izan zituen.
Agirre pozik agertu da lortutako emaitzagaz, bazekien Irazabal “koska bat gainetik” zegoela: “Espero baino hobeto aritu naiz, azken batean iaz lortu nuen igoera hirugarren mailatik. Gero, gainera, istripua izan nuen eta min hartuta egon naiz denbora baten, beraz, oso pozik nago bigarren postuagaz”. Ondarrutarrak argi ikusi zuen ezingo zuela Irazabalegaz lehiatu eta bigarren postua mantendu nahi izan zuen. “Atzetik zetorrenak asko estutu dute, nik nire postua mantentzea nuen helburua, ez nuen gehiegizko lanik egin nahi, eta azkenean helburua lortu dut”.
Modalitate aldaketa. Bizkaiko bigarren mailako azpitxapeldun postuagaz agur esango dio Agirrek aizkora denboraldiari, orain trontzan oinarrituko ditu bere lanak. Hain zuzen ere, Lekeition aizkora lanak amaitu eta gero erakustaldia eman zuen ondarrutarrak Andoni Zubiaurre mutrikuarrarekin batera beste hiru bikotegaz batera. Zubiaurrek eta Agirrek abenduaren 18ko Euskal Herriko trontza txapelketarako izena eman dute, baina ez dakite aurrera joango den ala ez beste bikote bat falta delako lehiatu ahal izateko. Momentuz bikote nafar indartsu bat bakarrik eman du izena. Bai jokatuko dena abenduaren 21eko Bizkaiko finala da: “Asko prestatzen ari gara eta gure helburua da postu on bat lortzea”.