Miren Agur Meabek ‘Elurraren promesa’ bere azken liburua aurkeztu du
Idazle lekeitiarrak Donostiako Udal Liburutegian egin du aurkezpena, gaur [azaroak 7]. Meabek esan duenez literartasun eta sinbolismoa jarri nahi izan dizkio liburuari, "sinpletasunean eta erraztasunean ez jausteko".
Liburua Elkar argitaletxearen Arian irakurgaiak izeneko bildumako azken lana da. Miren Agur Meabek bildumarako idatzi duen zazpigarren liburua da, lehendabizikoa Tangoa noizean behin izan zen. Bilduma horren berezitasuna da euskara ikasten ari direnentzako daudela bideratuta, A1, A2 eta B1 mailakoentzako hain zuzen ere.
Elurraren promesa liburuan, idazle lekeitiarrak pertsona baten bi istorio kontatzen ditu 50 orrialdetan: “Inesek jatetxe batean lan egiten du asteburuetan. Arte Ederretako ikaslea da eta tatuajeak gustatzen zaizkio. Larunbat gau batean istripua izango du bizikletarekin, elurraren erruz. Esnatzean, hala ere, Erdi Aroan aurkituko da eta Inexa (jatorrizko izena) izango da denentzat. Nola itzuli etxera? Nola itzuli XXI. mendera? Bizitza oso bat pasatu beharko du mundu zahar horretan, zorion eta zoritxarren artean, urteko lehen elurrak berriz ere…”.
“Elurraren promesa izenburua hortik dator, Inesentzat elur maluta bakoitza fedea izateko mezu bat da”
Hain zuzen ere, elurra da bi garaien arteko lotura, elurrak aldatzen baitu Inesen bizitza. “Elurraren promesa izenburua hortik dator, Inesentzat elur maluta bakoitza fedea izateko mezu bat da”. Lekeitiarrak liburuaren bi berezitasun handi nabarmendu ditu. Batetik, Inguma gaueko jeinua sartu nahi izan du istorioan eta beragaz batera lehen erabiltzen zen otoitz zahar bat. Beste alde batetik, euskara ikasten dutenentzat kantak oso lagungarriak direnez, eta lekeitiarra kanten aldekoa izanik, Xuberoko kanta tradizional bat sartu nahi izan du.
Miren Agur Meabek azaldu du zailagoa dela A1 duten irakurleentzat idaztea C1 dutenentzat baino. “Lehenaldian gutxi idatzi daiteke, ezin da esaldi erlatiborik erabili eta adjektiboak ere ohi baino gutxiago”. Horregatik, idazleak azaldu du bere prozesu laneko lehen urratsa ikas unitateen helburua zehaztea dela. Idazkera baldintzatuta izan duela esan du, horretarako izenondo edo aditzondoen zerrenda luze bat erabiltzen du. “Denbora aldetik oso gaizki aritu naiz, baina aldi berean bildumako libururik errazena izan da, ofizioa hartu dut”.
Estiloari fidel. Lekeitiarrak ez ditu alde batera utzi nahi bere idazkera estiloa. “Literartasun eta sinbolismoa jarri nahi izan dizkiot sinpletasunean eta erraztasunean ez jausteko. Metaforak erabili ez izanak ez du esan nahi euskara zaindua erabili ezin denik”. Alde horretatik, mundua ikusteko bere era “poetikoa” dela adierazi du, irudi bakoitzak mezu bat helarazten diolako.
Horrez gain, Miren Agur Meabek liburuaren helburua beti buruan izanda, bi atal bakoitzaren ostean ariketa bat sartu du, izan ulermen orokorrekoa edo sintaxiaren ingurukoa. Ilustrazioaren arduraduna Iñaki Landa izan da, eta idazleak bi aldeak akordioetara heltzeko garrantziaz mintzatu da: “Egoera bakoitzak tonu eta giro berezi bat du eta nik oso argi ikusi dezaket zer irudikatu nahi dudan, baina ilustratzaileak bere irudi pertsonala du”.