Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra bigarren izan da Irungo finalaurrekoan
Sustrai Colinak irabazi zuen zapatuko [azaroak 5] Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoa.
Irungo finalaurrekoa berezia izan zen. Lehen aldia izan zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko saio batean bost emakume eta gizonezko bat aritu direna. Ane Labaka, Jone Uria, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina aritu ziren kantuan. Horrez gain, orain arteko finalaurrekorik jendetsuena izan zen, 2510 lagun bildu ziren Irungo Ficoba erakustaretoan.
Sustrai Colinak txapela janzteko bere hautagaitza aurkeztu zuen bere lehen saioan. Colinak 710 bildu zituen eta finalaurrekoetako bigarren itzulirako zuzeneko txartela eskuratu zuen. Baionan (Iparraldea) kantatuko du azaroaren 26an. Bigarren izan zen Nerea Ibarzabal 673 puntugaz, markina-xemeindarrak lan txukuna osatu zuen, bereziki zortziko handian eta bikotekako puntukakoan.
Hirugarren Jone Uria izan zen 660,5 puntugaz, laugarren Miren Artetxe 644 puntugaz, gero Maddalen Arzallus 635 puntugaz eta Ane Labaka azken 631 puntu eskuratuta. Puntuazio aldetik orain artekotik baxuenak izan ziren, eta horrek desadostasuna eragin zuen publikoaren artean.
Horrela, Ibarzabalek ez du datorren asteko Durangoko laugarren eta azken finalaurrekora itxaron beharko, matematikoki sailkatuta baitago. Azken finalaurrekoa baino lehen, bertsolari markina-xemeindarra zazpigarren dago behin behineko sailkapenean.
Aitor Bizkarra, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Eñaut Martikorena, Julio Soto eta Saioa Alkaiza ariko dira kantuan zapatuan [azaroak 12] Landako gunean, eta, horren ostean, sailkapen orokorrean puntuaziorik baxuena duten sei bertsolariek ez dute aurrera egingo. Aurrera egiten dutenak, berriz, ez dira hutsetik hasiko: lehen faseko eta bigarren faseko puntuak batuta erabakiko da zein zazpi bertsolari sailkatuko diren final handirako.
Txapelketaren azken fasea Amurrion, Baionan (Iparraldea) eta Bilbon jokatuko da, azaroaren 19an, azaroaren 26an eta abenduaren 3an hurrenez hurren.