Lekittoko Mugimendu Feministiak ikasturte berriari ekin dio
Barikuan [azaroak 11] Azaroak 25 prestatzeko bigarren asanblada egingo dute, eta horretan parte hartzeko deia zabaldu dute.
Lekittoko Mugimendu Feministiak ikasturte berriari hasiera eman dio, sasoi berezia izango da aurtengoa zalantzarik gabe. Ikasturte honetan Lekeitioko Udalak utzitako Santa Katalina 1 helbideko behin behineko Andraetxia atzean utziko dute eta epaitegietako berezko Andraetxera joango dira. Urtebete daramate behin behineko egoitzan eta hamaika ekintza antolatu dituzte.
Hori izango da, hain zuzen ere, ikasturte berriko ekimenik garrantzitsuena. Lekualdaketa egin aurretik, berriz, taldeak barne prozesu bat abiatuko du: “Zelango Andraetxia egin nahi dugunaren inguruan hausnartu behar dugu. Gure izaera zehaztu behar dugu, funtzionamendua zein izango den argitu edota kudeaketaren inguruan hitz egin”. Lehendabizi, prozesu horren nondik norakoak diseinatu nahi dituzte, hau da, metodologikoki zelan gauzatuko den. Horrez gain, orain arteko ibilbidearen indarguneak eta hobetu beharreko atalak ere aztertuko dituzte.
Lekittoko Mugimendu Feministiak argi du Andraetxia zer izatea nahi duen: “Andraetxia tresna bat da, Lekeitio herri feminista bat izateko tresna bat da. Emakumeen elkargunea izan behar da, emakumeak elkartzeko, saretzeko eta antolatzeko toki bat azken batean”. Horregatik barne prozesuan parte hartzeko deia luzatu dute, berdin dio herriko emakumeak taldekoak edo norbanakoak izan. “Galdera asko erantzun behar ditugu Andraetxe berrian sartu baino lehen eta laguntza eta ikuspuntu denak eskertzekoak dira”. 2022ko abenduan edo 2023ko urtarrilean aurreikusi dute gutxi gorabehera barne prozesuagaz hastea.
Lehen helburua. Lekittoko Mugimendu Feministia dagoeneko azaroaren 25eko emakumeen indarkeriaren aurkako nazioarteko egunari begira lanean hasi da. Joan den barikuan egin zuten lehen asanblada irekia eta bihar [azaroak 11] egingo dute bigarrena 18:30eatik aurrera Andraetxian.
Lehen bileran zehaztu zuten nori bideratuta egongo diren aurtengo ekimenak. Emakumeenganako eraso psikologikoetan oinarrituko dute aurtengo kanpaina. Ez bakarrik erasotuan, baita erasotzailean ere, bere inguruan, hain zuzen ere, konplizeetan. “Erasotzaileen lagunek erantzukizun handia dute, ezer esaten ez badute, erasoa hauspotu besterik ez dute egiten, eta erasotzaileak ondoriorik ikusten ez duenez, harrotasunez jarraituko du portaera berdinak izaten”. Taldeko kideek adierazi dute esaera, jokamolde eta adierazpen asko oso barneratuta daudela, “naturaltzat hartzen dira, baina erasoak izaten jarraitzen dute”.
Behin aurtengo helburuak jarrita, hurrengo pausua da mezua zehaztea. Horretarako, lelo bat sortu nahi du Lekittoko Mugimendu Feministiak, lehen ideia bat dute: “Ez izan konplize, zure ondoko hori erasotzailia da, badakizu?”. Asanbladetan parte hartzeko deia luzatu dute taldeko kideek, era berean, herriko neska gazteen parte hartzea nabarmendu nahi izan dute. “Gainera, erasotuak izan ziren emakume asko etorri ziren lehen bilerara”.