Pablo Fernandez Arrieta: "Berdin dio nora noan, beti daukat Uhagonen nire bihotzeko zati bat"
Markina-xemeindarrak Jean Marie Ecaygaz landu duen ‘Nire gitartxoari’ lanaren aurrerapena eskainiko du zapatuan [azaroak 12] Uhagonen 20:00etan. 6 euro balio du sarrerak, bazkideentzako 4 euro.
Zer da Nere gitartxoari?
Rosa Artolaren poema bat da. 1869an jaio zen, eta garai horretan kultur munduan emakumea izatea oso zaila zen, garaikidea izan zen. Gaur egun egoera asko aldatu da, emakumeak bere lekua dauka. Horregatik da Artola hain garrantzitsua euskal kulturaren historian. Poema hori aurkitu nuen ikasten ari nintzen bitartean, izenburu polita zuela pentsatu nuen, eta pertsonaia eta izenburua erakargarria izango zirela Eusko Jaurlaritzarentzako, historiagatik eta euskal kulturan duen garrantziagatik. Diru laguntzak banatzerakoan horrelako gauzak hartzen dituzte kontuan.
Jean Marie Ekai duzu bidelagun.
17 urte nituenean Euskal Herriko talde ospetsuenetako bat Itoiz zen, gauero entzuten nuen Musikaz blai haien diskoa. Jean Marie Ekai nire idoloa zen, Erik Claptonegaz batera. Nerabezaroan idoloa zena, gero lagun min bilakatu zen, eta, orain, elkarrekin egiten dugu lan. Nire bizitzan oso garrantzitsua izan den pertsona da, gitarrista eta musikari bezala asko betetzen nau beragaz lan egiteko aukera hau izateak. John Abercrombieren Madrilgo ikastaro batean ezagutu genuen elkar, ikastaro oso garrantzitsua eta goi mailakoa zen, hotelean gela berean egon ginen biok. Asko partekatu genuen hortik aurrera, nahiz eta bera Parisera joan zen lanera, harremana mantendu genuen. Lan honetan ekoizle lanak egin ditut. Nire indar guztia jarri dut diru laguntzak lortzeko eta ekoizle moduan ahalik-eta iturri gehienak aztertu ahal izateko.
“Kantetarako nik ez dut gitarra aukeratzen, kantak berak esaten dit zer erabili behar dudan”
Zer bilatzen duzu lan berri honegaz?
2019an kaleratu nuen nire azkenengo diskoa: Batzen gaituena. Nik musikari bezala badaukat sentsazioa eta konpromisoa noizean behin, ahal denean, disko bat argitaratu behar dudala. Azkenean horrela erakusten dut nire musikaren bilakaera, orain, adibidez, askoz garrantzi handiagoa ematen diot konposizioari. Gaztea nintzenean asko jotzen nuen gitarra, orain, berriz, musika gehiago idazten dut. Horregatik, lantzean behin proiektu bat garatu beharra daukat.
Gitarra estilo desberdinak erabiltzen dituzue.
Sei edo zazpi gitarra erabiltzen ditugu eszenatokian, bakoitzak hiru edo lau ditu eta, horrez gain, bi edo hiru anplifikadore dauzka bakoitzak. Horrez gain, gitarren erregistro guztiak garatzen ditugu, eskaintza oso zabala da: akustikoa, klasikoa edota elektrikoa. Kantetarako nik ez dut gitarra aukeratzen, kantak berak esaten dit zer erabili behar dudan, ez dauka zerikusirik Nylon gitarra edo gitarra klasikoa erabiltzeak.
Kolaboraziorik badago?
Belharra kantan Bernardo Atxagak Jean Marieri letra idatzi zion. Asko kostatu zitzaidan moldatzea, zazpi bider lauko erritmoa dauka, ezpata dantzakoa, erritmo oso zaila. Bernardo Atxaga bezalako kolaborazio bat izatea ohore bat da. Euskara ikasten nago, euskal liburu asko irakurri ditut, eta Atxaga nire gustukoenetako bat da, asko lagundu dit nire ikasketa prozesuan. Esate baterako, Zazpi etxe Frantzian liburua liburu bikaina dela iruditu zitzaidan, hizkuntzalari bezala, euskararen zaindari bezala, onenetarikoa da, Joseba Sarrionandiagaz batera. Euskal kultura eta gure hizkuntza euskara hor dago diskoan, baina musikaldia oso zabala da.
“Hau izan da nire azken bi urteetako bizitza”
Diskoa omenaldi bat ere bada.
John Abercrombieren Madrilgo ikastaroan ezagutu genuen elkar Ekai eta biok, horrenbestez, keinu bat da. Labour Day izeneko bere kanta bat interpretatzen dugu. Oso harmonia zaila dauka, denbora osoan egon behar zara adi, eta gainean, konpas batetik bestera asko aldatzen da doinua. Maratoi bat bezalakoa da, amaitu nahi izanez gero, egunero entrenatu beharra dago. Ni beti nago lanean, beti erronka berrien bila.
Zenbat lan dago atzean?
Hau izan da nire azken bi urteetako bizitza: kantak sortu, proiektuak landu, antolaketa lan guztia… Jean Mariegaz elkarlanean egindako lana da, bion kolaborazioa da, baina ekoizle lanak nik egin ditut, laguntzengatik borrokatu dut, ekoizleekin hitz egin, diseinu grafikoak landu… denetaz arduratu naiz azken bi urteetan.
Abenduan sartuko zarete estudioan.
Abenduko bigarren zapatuan estudioan sartuko gara, dena grabatzeko prest. Gero, Parisen masteriazioa eta nahasteak egingo ditugu, abeslari desberdinekin ere lan egingo dugulako. Parisen Jean Mariek lagun asko ditu, eta bertako estudio batean egingo ditugu lan hauek, kalitate handiko tresnekin. Gabonetarako dena prest eduki nahi dugu, eta gero argitaratu. Nire asmoa da Caronte zigiluagaz ateratzea, nire laugarren diskoa haiekin atera nuen, mundu osoan lan egiten duen enpresa da. Haien agendaren arabera argitaratuko dugu diskoa, otsailean edo martxoan, gutxi gorabehera. Ez dugu Durangoko Azokari begira prestatu nahi izan, pazientzia behar dugu, eta zigiluan konfiantza izan, ahalik eta gehien zabaltzeko.
Zure ibilbideko fase berri batean zaude?
Konfinamenduan asko sufritu nuen, oso txarto pasa nuen, eta azken urteetan aldaketa asko bizi izan ditut, azken batean ziklo aldaketa bat da. Musikari bezala langilea naiz, hau da nik bizitzagaz hartu dudan konpromisoa, hau da egiten dudana eta jarraitzen egingo dudana. Beti eboluzionatu nahi dut, musika ikaslea izango naiz beti, berdin dio adinak, kontserbatorioan klaseak ematen ez baditut, ikasten nago. Ordu asko lan egiten ditut, 20 urte nituenean bezala, oraindik asko ikasi behar dudan sentsazioa daukat, apaltasunez besteengandik ikasi. Ikasteko gosea daukat oraindik.
“Musika gustuko dutenek ñabardura handiko lan bat entzungo dute”
Asko bidaiatu duzu, zer eman dizu horrek?
Batzuetan daukat sentsazioa musika aitzakia bat izan dela mundua ezagutzeko. Orain, Euskal Herrian bizi naiz, baina oso zabalik nago kanpora joateko, gauza berriak ezagutzeko. Aberastasun handia ematen dizu bidaiatzeak, besteengandik asko ikasten duzu. Gure aurreiritziak alde batera uztea garrantzitsua da jendea ezagutu ahal izateko. Aurreiritzi horiek kentzeko modurik onena bidaiatzea da, munduko ohiturak eta pertsonak ezagutzea.
Zer aurkituko dute entzuleek bihar Uhagonen?
Musika gustuko dutenek ñabardura handiko lan bat entzungo dute. «Musika ona xehetasunekin egindako lanak dira», esaten zuen batek. Oso zainduta dago dena. Hiru ordu egon naiz nire kanta baten bi konpasekin, hau da, hamar segundoko tarte bategaz. Xehetasun bakoitza oso garrantzitsua da, entsegu bakoitzak ezaugarri batzuk ditu, eta horrela damaratzagu bi urte.
Zer esan nahi du zuretzako Uhagon kulturguneak?
Uhagon niretzako oso garrantzitsua da. Beti eskaini didate leku bat nire musika jo ahal izateko. Nik amodio berezia daukat Uhagonekin, berdin dio nora noan, beti daukat Uhagonen nire bihotzeko zati bat. Berez, Markina-Xemein ez da lekurik aproposena artista bezala bizitzeko, baina ni markina-xemeindarra naiz, eta nire herriak oreka ematen dit, apaltasuna, lasaitasuna eta naturagaz erlazioa.