Idoia Eizmendi: "Generoak komunikazioan duen eragina aztertuko dugu"
Lekittoko mugimendu feministiak jendaurrean hitz egiteko ikastaroa antolatu du. Eizmendi dinamizatzaileak bost saio eskainiko ditu: azaroaren 23an eta 30ean eta abenduaren 12an, 14an eta 19an.
Saioak kultur etxean izango dira, 17:30etik 19:30era. Izena eman daiteke lekittokomugimendufeministia@gmail.com posta elektronikoan.
Zer eskainiko duzu ikastaroan?
Laburbilduz jende aurrean zelan hitz egin behar den ikasiko dugu, baina horren barruan asko dago. Batetik, zer da komunikazio, zelango prozesua, oratoria, diskurtsoa zelan osatu, nola lortu diskurtso eraginkor bat… gauza asko dira. Bestetik, generoak komunikazioan duen eragina aztertuko dugu. Gero, oztopoen inguruan hitz egingo dugu, hor baitaude gure beldurrak. Bost saio dira eta bakoitzean gai bat garatuko dugu. Ikastaro oso praktikoa da, alde teorikoa ere landuko dugu, baina teoria praktikarako euskarri bat da. Oso parte hartzailea da dinamika asko egingo baitugu.
Zeintzuk dira oztopo horiek?
Beldurrari dagokionez, konfiantza falta handia dago, beldurra jendaurrean hitz egiteari, ziurtasun faltagatik batez ere. Horregatik lehenengo gure gaitasunen inguruan ariko gara, gure konfiantza falta gure gaitasunak ez jakiteari edo ez aitortzeari dago erlazionatuta. Mahai gainean jarriko ditugu, hortik abiatuta landuko dugu beldurra. Beldurraz hitz egiten dugunean, gehien bat beldur bakar batean borobildu dezakegu: epaituak izateari dugu beldurra. Bestea da ondo komunikatzeko gai ez izatea, ea ulertuko duten nik esan nahi dudana. Hori diskurtsoaren antolaketan lantzen dugu, zelan lortu diskurtso on bat, benetan esan zuk esan nahi duzuna esatea, modu argi eta zehatz batean.
Generoak ere bere eragina du?
Ikuspegi garrantzitsu bat da. Jaso dugun genero sozializazioa oso lotuta dago ditugun beldur horiekin. Batetik, feminitateari lotzen diren ezaugarriek ez dute asko laguntzen, jendaurreko saioen pasibotasunak edo emozionalitateak ez dute asko laguntzen. Emakumeak hiztunak garenaren irudi publikoa dago oraindik, esaera zaharretan jasotzen dena. Mende askotan zehar ukatu egin zaigu parte hartzeko eskubidea edo goi mailako ikasketak egiteko eskubidea, eta hori azken batean gure irudian gelditu da. Oraindik ere, plazan dagoen emakumea epaitua izango da bere itxuragatik janzkeragatik, zer esan duenagatik edo zer esan ez duenagatik. Uxue Alberdik Kontrako eztarritik liburuan bertsolaritzaren kasua aztertu du, oso ondo adierazten du plazan dagoen emakumearen epaiketa nola suertatzen den. Oraindik ez dugu espazio publikorako erabateko eskubidea, hor gaude, baina mailegu bategaz egongo bagina bezala, ez benetan eskubidea dugulako.
Zeintzuk dira bilatzen dituzun helburuak?
Nire esperientziak esaten didana da, batetik beldurragaz etorri direnak konfiantza gehiagogaz irteten direla, onartu dutetako ahal dutela, horrekin geratzen dira. Beste batzuek, ordea, ez dute beldurrik jendaurrean hitz egiteko, baina adarretatik joaten dira eta ez dira gai diskurtso argi eta zehatz bat egiteko, hauek hortik aterako dute etekina ikastaroan. Horretarako, lehen egunean parte hartzaile bakoitzaren helburuak jakin nahi ditugu, zer bilatzen duten ikastaroan, gero gai baten edo bestean indar gehiago sartzeko. Helburuak oso desberdinak badira, berriz, denak lantzen ditugu. Azkenean, norberak duen beharraren arabera aldatuko da emaitza. Bi dira xede nagusiak, guztiek ikasten dituztenak, ziurtasun handiagorekin ateratzea edo zure eskubidea dela sentitzea eta diskurtso landuagoak sortzeko gai izatea. Askotan zehaztasun gutxi batzuk ematen ditugu, baina oso garrantzitsuak dira pauta horiek diskurtso hobeak lortzeko.