Morelarrek emakumeen lehen lasterketa antolatu du Azaroaren 25erako, Markina-Xemeinen
Aldez aurretik izena emateko azken eguna azaroaren 23a da; lasterketaren egunean ere izena emateko aukera egongo da.
Morelarre Markina-Xemeingo talde feministak emakumeen lehen lasterketa antolatu du Azaroaren 25erako emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunean. Durangoko herrian orain arte egiten zen eredua hartu nahi izan dute. “Bi helburu nagusi bilatzen ditugu. Alde batetik, mugimendu feminista herri osora zabaltzea da, ikusgarritasun handiago izan dezan. Beste alde batetik, emakumeen arteko elkarlana eta saretzea bilatzen dugu, neska gazteen artean, batez ere”.
17:00etan jarri dute hitzordua Azaroak 25ean, Zelaian. Morelarrek bi lasterketa antolatu ditu, 13 urte baino gazteentzako kilometro bakarreko ibilbide laburra eta nagusientzako lau kilometroko ibilbide luzea. Gazteen lasterketa 17:00etan hasiko da eta nagusiena, berriz, 17:30ean. Gero, 20:00etan mobilizazio zaratatsua egingo dute, Arkupeetatik hasita. Manifestaziorako zarata ateratzeko zerbait eramateko deia egin dute.
Bi lasterketarako izena eman behar dela jakinarazi dute talde feministatik. Aldez aurretik izena eman nahi dutenek azaroaren 23a dute azken eguna. Horretarako, mezu bat bidali behar da, oinarrizko datuekin, morelarreneskagazteak@gmail.com posta elektronikora. Hala ere, lasterketaren egunean bertan izena emateko aukera egongo da, 16:00etatik aurrera, Arkupeetan. Lehenago izena ematen dutenek 4 euro ordaindu behar dituzte eta azaroaren 25ekoek 5 euro. Hori bai, izena emate dirua egunean bertan jasoko da, bai aldez aurrekoa bai egunekoa. Dortsalak 16:00etatik 16:50era banatuko dituzte. Orain arte hamalau pertsonak eman dute izena lasterketa laburrean eta 32 luzean.