Gababus zerbitzuak 4.710 erabiltzaile izan ditu 2022ko udan
Azken bi urteetan geldituta egon ondoren, parte hartzen duten udalek “positibotzat” jo dute aurtengo zerbitzua.
Gababus zerbitzua martxan jarri da aurtengo udan berriro. Bi urteko etenaldiaren ostean, asko izan dira zerbtzua erabili duten Lea-Artibai eskualdeko 16 urtetik gorako gazteak. 2013an jarri zen martxan ekimena eta hamabi udalek parte hartzen dute: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar. Lea-Artibai Amankomunazgoak, Lea Ibarra Mankomunitateak eta Lea Artibai landa Garapen elkarteak lagundu izan dute.
“Modu honetan gazteek, eskualdeko jai garrantzitsuetara modu seguruan joan-etorria egiteko aukera bermatu nahi dute udalek, gertatu daitezkeen istripu edo ezbeharrak ekiditeko modu hoberena aurreikuspenak egitea direlakoan”.
Hain zuzen ere, 4.710 erabiltzailek erabili dute aurten Gababusa, duela bi urte baino 1.020 gehiago. Parte hartzen duten udalek adierazi dute datuak “haziz eta egonkortuz” joan direla. Hala ere, orain arteko erabiltzaile kopururik handiena 2017an eman zen, 4.733 herritarregaz. Parte hartzen duten udalek “positibotzat” jo dute aurtengo zerbitzua.
Beste datuei erreparatuta, Ondarruko Zapato Azulak izan zituen erabiltzailerik gehien 909 pertsonagaz, 2019ko azken zerbitzuan, esate baterako, 670 izan ziren. Ondoren, Lekeitioko Antzar Egunean 649 erabiltzaile egon ziren, 2019an 437 izanik. Herriz herri, ondarrutarrak izan dira Gababusa gehien erabili dutenak 1.208 gaztegaz, markina-xemeindarrak 1.169 izan dira eta lekeitiarrak 1.040.
“Lea-Artibai eskualdeko udalentzat garrantzitsua da eskualdeko jaiak bultzatu eta gazteei etxera bueltatzeko garraio alternatiba seguru bat eskaintzea zerbitzu honen bitartez. Gainera ordutegia ere zabala da eta horrek adin guztietako gazteentzat aukerak eskaintzen ditu”.