Ekinez hasi da Euskaraldia kaleak irabazten
Ahobizi eta Belarriprest txapak soinean, ohitura eta joko arauak aldatzen hasi da Euskaraldiagaz bat egin duen komunitatea.
Hitzen boterea, elkar lagunduz lortu daitekeena, ekintzaz ekintza nahi dena eskuratzeko gaitasuna, ekinak egina ahalbidetzen duela… Hori aldarrikatuz eta gauzatuz hasi da Euskaraldiaren hirugarren ariketa soziala, eguraldi kaxkarrari aurpegi ona jarrita, umore onez, soinu alai eta indartsuekin eta kantuan.
Etxebarritarrak udaletxearen babesean elkartu ziren atzo [azaroak 18] arratsaldean. Ume, gazte eta nagusiak, Euskaraldiagaz konpromisoa erakutsi zuten, eta talde argazkia atera zuten ekimenari bultzada emateko. Euskaraldiko irakurketagaz amaitu zuten ekintza, herritar guztiei txapak janzteko gonbidapena eginez, datozen aste bietan ezeze, gainerako guztietan ere bai: “Gora bihotzak, gora Euskaraldia”.
Ondarroako Andrabanda feministak, hitzez beharrean, batukada doinuekin ekin zion Euskaraldiari. Kalejiran Etxelilatik Kofradia Zaharrerako bidea egiteko asmoa zeukaten, baina eguraldiak ez zuen ahalbidetu, eta Berdura Plazan egin zuten saioa. Indartsu eman zioten hasiera euskararen aldeko ekimenari. Lehenengoz atera da Andrabanda Euskaraldian. “Aurrekoan Arigune modura aritu ginen, baina lehenengo aldiz atera gara kalera”, azaldu du Irina Alkorta Bedialauneta Andrabandako kide eta Ondarroako Udal Berdintasun batzordeburuak.
Mutrikun ere musikarekin eman diote ongietorria Euskaraldiari. Zornotzako Kittu taldea tabernaz taberna aritu zen iluntzean kantu poteoan. Hitzez hitz, kantuz kantu ekin zioten mutrikuarrek ariketari, Ahobizi eta Belarriprestei keinu eginez. Kantuan egitera ez ezik, dantzan egitera ere animatu ziren zenbait.
Plazan batuta, aulestiarrek ere ongietorri berezia eman zioten ekimenari. Ume, gazte eta heldu, horma irudi bat egin zuten. Hurrengoa irakurri daiteke bertan: Zein da zure konpromisoa aurtengo Euskaraldian?. Julen Ansotegi aurkezle zelarik, Leire Aranburu Ahobiziak eta Paola Bakedano Belarriprestak Euskaraldiaren balioa azpimarratu zuten, zergatik den garrantzitsua adierazi zuten hitzez hitz, datozen hamabost egunetan parte hartzeko gonbidapena lau haizetara zabalduz.
Ekintzaz ekintza, ekimenez ekimen, abenduaren 2ra arte luzatuko da hitzez ekiteko garaia. Euskaraldia martxan dago. Geratzeko asmoz etorri da.