Herritarren erosmen ahalmena apaldu dela nabaritu dute Ondarroako janari bilketa berezian
Danonartin elkarteak atzo arratsaldean eta gaur goizean egin du bilketa, premia gehien dutenei laguntzeko. Jatorduak bete ahal izateko elikagaiak eman dituzte batez ere herritarrek.
Danonartin elkarteko kideek eta boluntarioek hartu dituzte azken orduetan Ondarroako janari dendetako atariak. Laguntza behar duten herritarrentzako elikagaiak batzea zuten helburu. Atzo arratsaldean [azaroak 18] eta gaur goizean [azaroak 19] egin dute bilketa berezia, eta jendea ibili bada ere –atzo gaur baino jende gehiago–, herritarren erosmen ahalmena txikitu egin dela nabaritu dute. “Prezioak asko igo dira, egunetik egunera igoera daukate askok, eta jendeak ez dauka lehen zeukan erosmen ahalmenik”.
Janaria ezeze, herritarrek garbitasunerako produktuak ere utzi dituzte Danonartin elkartearen kutxetan. “Jendeak gero eta gehiago galdetzen du zer den gehien behar duguna eta, ahal duen heinean, horren araberako ekarpena egiten du”, gehitu dute. Eta bizitza zelan dagoen jakinda, txokolate, txokolatina eta antzeko elikagai gutxiago eta jatorduak bete ahal izateko elikagaiak eman dituzte asko eta askok.
Datozen orduetan egingo dute zenbaketa. Iazko janari bilketa berezian 3.798 kilo janari batu zituzten, 2020an baino 252 kilo gehiago.
Boluntarioak. Aurrerantzean Danonartin elkarteari laguntzeko prest daudenek danonartin@hotmail.com helbide elektronikora mezu bat idatzi dezakete, 685 76 92 89 telefono zenbakira deitu edo elkarteko kideren bategaz harremanetan jarri.