Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistak martxan jarriko du eskualdeko Laneko Autodefentsa Sarea
Aurkezpen ofiziala abenduaren 9an 17:00etan egingo dute, Ondarroako Guzur-Etxean.
Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistak dio irabazi kapitalistak “aurrekaririk gabeko” krisi batean dagoela murgilduta eta horren aurrean martxan jarri dira: Lea-Artibaiko Laneko Autodefentsa Sarea sortu dute. “Lan eremuan bizi ditugun egoera larrien aurrean antolatu, hobekuntzak lortzen saiatu eta hobekuntza hauek denboran iraunaraztea posible egingo duen prozesu sozialista indartzea”, esan dute.
Hain zuzen ere, Lea-Artibai eskualdean ere “langileon soldaten eta aurrezkien lapurreta” adibideak ematen direla adierazi dute: “Gazteak ikasketa prozesu amaigabeetan murgilduta, soldata miserableak ordaintzen dituzten eta egonkortasuna oztopatzen duten lan ugari, bizi baldintza miserableenetan bizirautera kondenatuta eta lan merkatura sarbiderik ez duen gero eta jende gehiago”.
Egoera horren aurrean “erantzun beharra” dagoela uste dute kontseilu sozialistekoek. “Errezeta zaharrek” balio ez dutela esan dute, “orain arteko sindikalgintzak muga nabarmenak erakutsi ditu”. Autodefentsa sozialista defendatzen dute tresna moduan.
“Irabazi kapitalista arazoaren parte da, ez soluzioaren parte. Bestalde, uste dugu, egungo gizarte ereduarekin errotik amaitzea ezinbesteko baldintza dela ongizate unibertsalari ateak irekiko dizkion baldintza sozialak eraikitzeko”. Kontseilu Sozialistak Lea-Artibaiko Laneko Autodefentsa Sarearen aurkezpena egingo du abenduaren 9an, 17:00etan, Ondarroako Guzur-Etxean.