Markina-Xemeingo Udalak autobus geltoki berriaren inguruko proposamenak jasoko ditu
Geltoki berria Atxondo kiroldegiaren ondoan kokatuko litzateke, udalak hainbat onura azaldu ditu. Abenduaren 9a da azken eguna iritziak emateko, eta horretarako hainbat bide zabaldu dituzte.
Markina-Xemeingo Udalak martxan dauka herriko autobus geltoki berriaren azterlana. Duela urte eta erdi hasi zuten bidea eta orain markina-xemeindarren iritziak edo proposamenak jasotzeko unea heldu da. Geltoki berria Atxondo kiroldegiaren atzealdean kokatuko litzateke eta bi geldialdi izango ziren eta norabide bakoitzerako bazterbide bat.
Udalak denbora asko darama azterlana garatzen, lan tekniko handia gauzatu dute. “Horrek dakar etorkizuneko proiekturako asko aurreratzea, lan handia kentzen du”, azaldu dute udal ordezkariek. Azterlan hori Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailera bideratu zuten. Bertako ordezkariek denbora izan zuten azterlana ikusteko eta balorazio sakon bat egiteko. Ondoren, Luis Egurrola alkatea Jon Larrea errepide zuzendariagaz eta Imanol Pradales saileko diputatuagaz elkartu zen. Txosten teknikoa abiapuntutzat hartuta etorkizunerako lan egitea adostu zuten.
Orain, markina-xemeindarren eskaerak, proposamenak edota iritziak jasotzeko unea heldu da. Udalak eskuorri bat bidali du etxebizitzetako postontzietara. Bertan, herritarrek haien ikuspuntua edota ideiak jarri ahalko dituzte. Eskuorriak entregatzeko hainbat bide zabaldu dituzte. Eskuz eman nahiez gero, udaletxeko harreran edo postontzian utzi daiteke. Bestela, argazki bat atera daiteke eta Whatsappez bidali 688 84 49 95 telefono zenbakira edo komunikazioa@markina-xemein.eus posta elektronikora. Jasotako informazio dena Bizkaiko Foru Aldundiari helaraziko zaio udalaren iritziagaz batera eta kaltetuak izango liratekeen lurren jabeen eskaerekin. Hauekin aldez aurretik elkartu dira.
Udalak hainbat abantaila ikusten dizkio autobus geltoki berriari. “Mugikortasuna hobetuko litzateke, klima aldaketa gehiago ekidin, emisio gutxiago sortu eta azken batean zerbitzu publiko eraginkor bat lortu”. Gaur egun egunero herrigunetik igarotzen diren 100 autobusak kanpora aterako lirateke. Horrek herriko errepideak hobeto zaintzea ekarriko luke, eta mantentze lanak erraztu. “Arriskuak eta kutsadurak murriztuko genituzke, eta herrigunean beste garraiobide batzuk lehenetsi, bizikletak, besteak beste”.
Markina-Xemeingo eta Etxebarriko udalek laster sinatuko dute bi herriak lotuko dituen bidegorriaren proiektua. Orain artekoak ibiltarientzako dago diseinatuta batez ere, eta orain bizikletentzako moldatuko dute. Horregatik, Atxondo kiroldegi ondoko aparkalekua handituko lukete, bertan, adibidez, bizikletentzako geraleku bat sortu ahal izateko etorkizunean.
Irisgarritasun aldetik, oinezkoentzako bideak sortuko lituzkete eta segurtasuna handitzeko eremua argiztatu. Markesinak estaliak izango lirateke, eremua euri eta haizetik babesteko. Era berean komun bat jartzea dago aurreikusita. “Autobus geltoki berria gaur egunekotik ez dago oso urrun, eta badaude geltoki bakar handi bat duten beste herri batzuk, Lekeitio, esate baterako. Ez da berria”.
Eskualdeko proiektua. Hain zuzen ere, udal ordezkarien ustez geltoki berriak ez ditu bakarrik onurak ekarriko markina-xemeindarrei, baita Lea-Artibaiko gainontzeko herriei ere. “Bilbora joateko bidaien denbora murriztuko litzateke, herria zeharkatzen zortzi minutu aurreztuko lirateke bidaia bakoitzeko. Ondarrutarrek edo lekeitiarrek autobus zuzena nahiko dute herritik geratu barik, baina, era berean, guk ez dugu autobus kopururik galdu nahi, Bizkaibus baita gure garraio publiko nagusia, eta Markina-Xemein Lea-Artibai eskualdeko irteera. Azken batean hausnarketa bat da zerbitzu hobe bat lortzeko”. 2023an amaituko da Bizkaibuseko kontzesioa, eta arduradunen arabera, “orain da unea”.