Peru Abarka album lehiaketa egonkortu egin da
Antolatzaileek aurtengo lehiaketaren balorazio "positiboa" egin dute. Igor Mercado eta Alber Garcia irabazleak aurkezpenean egon ziren.
Peru Abarka album lehiaketako irabazleek parte hartu zuten bariku [urriak 18] iluntzeko aurkezpenean, Markina-Xemeingo Esperantza aretoan. Igor Mercadok irabazi du narrazio onenaren saria Txikle bat marrubizkoa lanagaz eta obra horren inguruko ilustrazio onenak egin ditu Alber Garciak. Idoia Arrieta, Uxue Razkin eta Mari Eli Ituarte epaimahaikideek ere hitza hartu zuten. Herritar asko izan ziren aretora bertaratu zirenak.
Azken 18 urteetan 16 aldiz antolatu dute Peru Abarka album lehiaketa. Aurten 21 lan aurkeztu dira, 16 narrazioaren arloan eta bost ilustrazioetan. Hain zuzen ere, Mercado eta Garciarenak izan dira onenak. Idazleak istorioaren inguruko xehetasunak azaldu zituen, epamahaiak giroa nabarmendu zuen, “zenbait irudi indartsu dauzka eta arretaz irakurri beharrekoa da, bestela haria gal daiteke uneren batean”. Garciak arkatzez egindako ilustrazio originalak erakutsi zituen. “Irudi figuratibo oso interesgarriak erabiltzen ditu, baina ez hori bakarrik, testurak ere oso onak
dira. Erabilitako teknika espresiboari esker, misterio puntua gehitzen dio narrazioari”, azaldu zuten. Gainera, biek ala biek bertaratu zirenei sinatutako album ilustratu bana eman zieten.
Erein Argitaletxeko Razkinek aurreratu zuen alde batera utzi dutela orain arteko DIN A3 formatua. Tamaina txikiagoko baterako apustua egin dute lehen aldiz, azal gogorreko bat. “Gure inguruan umeekin daude lotuta album ilustratzaileak, baina Europan helduen lanek oso ezagunak dira”. Antolatzaileek lehiaketaren balorazio “positiboa” egin dute, azken urteetan proiektua “egonkortu” egin dela nabarmendu zuten.
Abenduan hasiko dira datorren urteko Peru Abarka album lehiaketa lantzen. Antolatzaileek aurreratu dutenez, oinarrietan aldaketaren bat egingo dute. Helburuak, berriz, mantendu egiten dituzte: “Album ilustratuentzako plaza izatea nahi dugu, eta era berean, sortzaile berrientzako erakusleiho izan”.