Markina-Xemeingo jubilatuek anaitasun ospakizuna egingo dute
Beti Jai elkarteak bazkideen arteko karta joko txapelketak antolatu ditu.
Beti Jai jubilatuen elkarteak abenduaren 10ean ospatuko du bazkideen anaitasun ospakizuna. Egun osoko egitaraua prestatu dute. Markina-Xemeingo Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eikak laguntzen dute ekimena aurrera eramaten.
Autobus geltokian jarri dute hitzordua abenduaren 10ean 11:00etan. Lehendabizi Elorriora arte joango dira eta herriko kale eta historian barneratuko dira bisita gidatu baten bidez. Horrez gain, bazkaldu aurreko txikiteoa ere herrian egingo dute. 14:00etan helduko dira Durangoko Gran Hoteleko jangelara. Menu erakargarria izango dute jubilatuek. Hasteko, etxeko gosagarria izango dute, eta ostean otarrainxka frijituak eta ganba, perretxiko eta espinakaz betetako piperrak izango dira lehen platerrak eta gero legatza eta buztana izango dute. Bazkariari amaiera gozoa emateko, gazta tarta jango dute. 19:00etan irtengo da etxera itzultzeko autobusa.
Beti Jai elkartearen anaitasun ospakizunean parte hartu nahi dutenek 35 euro ordaindu beharko dituzte. Horretarako, jubilatuen elkartearen egoitza zabalik egongo da bihar [azaroak 23], etzi [azaroak 24] eta barikuan [azaroak 25] 16:30eatik 19:00etara.
Karta joko txapelketa. Horrez gain, jubilatu markina-xemeindarrek bazkideen arteko karta joko txapelketa antolatu dute. Hain zuzen ere, tute txapelketa azaroaren 29an, mus azaroak 30ean eta briska abenduaren 1ean. Denak ala denak 17:00etan hasiko dira elkartearen egoitzan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, parte hartzaile guztiak Beti Jairen bazkide izan behar dute eta egunero ekitaldi amaieran pintxo potea emango zaie.
Sariei dagokionez, lehen eta bigarren sailkatuek bertoko elikagaiez betetako poltsa bana jasoko dute. Gainera, txapeldunek Beti Jai elkartea ordezkatuko dute abenduaren 3an Berriatuan ospatuko den eskualdeko txapelketan. Izena emateko azken eguna azaroaren 28a da elkartearen tabernan.